kronika | getxo blues
Urteko gau motzenean, Joe Louis Walker
Herenegun gaueko jardunarekin, San Joan suak piztearekin batera, bukatu zen aurtengo Getxo Blues jaialdia, maila artistiko eta zaleen partaidetza txukunarekin.
Anartz BILBAO
Nekatuta zirudien Iñaki Elorriagak larunbat gauean, baina irribarretsu hartu gintuen, Tolosako jaialdiko lagunak agurtu eta gero -harreman ona omen dute Euskal Herriko blues jaialdiek-, aurtengo maila artistiko «egokiarekin» ase. Getxo Blues jaialdiko arduradunak esan zigunez, eta zaleei dagokienez kopuru zehatzik emateko goizegi bazen ere, «iazko zenbakietan mugituko gara, antzera joan da aurtengoa». Elorriagak «etxekoia» izendatzen duen jaialdiak -bere esanetan, %30 inguruko publiko fidela du, urtero-urtero bertaratzen dena- ez du izen handiko izarrak oholtzaratu eta jendetza erakartzeko lehian parte hartzen, «nahiz eta gitarra jotzaile bikainak izan ditugun» eta sarrerak merke izaten diren.
Aurten jaialdiak azken orduko aldaketa bat ere bizi izan du, lanean bizi ibilita bikain bideratu zuten ezustekoa. «Asteartean makina bat ordu sartu genituen, artega lanean, Dana Fuchsen ordezkoa aurkitu nahian [kantariaren hurbileko baten heriotzak bertan behera utzi zuen zuzenekoa]. Kontua ez zen edonor jartzea oholtza gainean, maila oneko talderen bat behar genuen, eta ez da erraza izaten. Batzuk ez dabiltza biran, jotzen dabiltzanak beteta dituzte datak...». Zorionez, Dr. Feelgood-ez oroitu ziren -Elorriagak orain hogeita bi urte kontzertu bat antolatu zien hondartzan-; Ingalaterratik hegaldiak ordaindu, hoteleko gelak atondu... eta aurrera!
Walker bera ere izana zen Getxo Blues jaialdian. «Orain hemezortzi urte auto zaharrean ekarri nuen. Orratzari begiratu eta beldurtuta zetorren, kilometroen ordez miliak zirela uste zuen-eta!». Egunotan jaialdian batera eta bestera ikusi dugu Elorriaga, baina musikaz gozatzeko tartea ere izaten duela aitortu zigun. Kontzertuak oholtza gainetik entzutea maite omen du; «musikariengandik gertu-gertu, luxu bat».
Walkerren bostekoa
Joe Louis Walker aipatuta, ordurako pozik zen kaliforniarra, bi orduko jarduna bukatu eta gero diskoak sinatu eta sinatu, Biotz Alai sarreran -plazari abesbatza batek ematen dio izena, eta aurki jazz jaialdia ere izango dugu bertan-. Ondoan, La Bomba disko-dendako kideek katalogo zabala zuten salgai, bluesaz gain, makina bat joerako binilo zein CD merkeak. Oviedoko etxeak jaialdiz jaialdi saltzen ditu diskoak, eta lehen urtea zuten Getxon.
JLW afroamerikarrak, Les Paul beltza eskuetan eta txano zuria buruan, «Hellfire» aurkeztu zuen Getxon, hogeiren bat disko argitaratu eta gero Alligator etxean ematen duen aurrenekoa. «Can´t Stand The Crook» kantuarekin hasi zuen emanaldia, eta diskoa irekitzen duen «Hellfire»-rekin itxi; bisetan «You´re Gonna Like it this Way» eman zuen. Tartean, «Too Drunk to Drive» eta «Sugar Mama» ere entzun genituen, besteak beste. Seikotean (flamenko airea zuen New Yorkeko neska abeslaria tarteko), talde trinkoa agertu zen oholtzara, soinu ona lagun. Azpimarragarri, bi gitarra jotzaileek elkarrekin egin zituzten pasarteak, eta JLWk oholtzatik jaitsi eta zaleei bostekoa emanez pasa zuen ordu laurdena, musu-gitarra jotzeari utzi gabe.
Biotz Alai atzean utzi eta Piper´s Irish pubera aldatu zen festa orduan, Mr. Groovy & Blue Heads taldearekin goizeko ordu bata arte luzatzeko. Hiruzpalau urte lehenago Getxon izanak, laukoteak «Jauja» lana aurkeztu zigun, frontman sinpatiko baten laguntzarekin.