final del manomanista
Zaila da gaur Aimar Olaizolak baino gehiago jokatzea
Joxemari ETXENAGUSIA | Pilotari ohia
Ez dakit sekula final batean inoiz inork halako exhibiziorik eman duen. Hori bai, argi daukat Aimar Olaizola sekula ez nuela horren ondo ikusi, gaur tenplez, kolpez eta fisikoki izugarri egon da. Martinez de Irujok ondo jokatuta ere, ez dakit irabazteko inolako aukerarik izango zuen.
Iruditzen zait Irujok berak ere ez zuela pentsatzen horren ondo jokatuko zuenik. Momentu batzuetan izugarri jokatu dute biek, markagailuan aurretik jartzea lortu duen une horretan, Iberokoak dena bikain egin behar izan du, bost tanto egin ditu jarraian, baina tanto horietan ere izugarri behartu du Goizuetakoak. Bagenekien buruz «pilotariena» dugula Aimar Olaizola, gaur ere ez du alerik erregalatu partida osoan, baina, horrez gain, dena egin du ondo, sotamanoz agintzera pasatzen zen, defendatu primeran egin du eta, gainera, une txar apurretan sufritzen ere jakin izan du. Ez dakit halakorik esaterik badagoen, baina izandako lesio larriak on egin diola ematen du, sekula ez nuen-eta hain ondo ikusi.
Buruz buruko lehiatan ere sarri halakoak gertatzen dira; bata horren ondo dagoenean, besteak ere askoz okerragoa ematen duela. Une oso onak izan ditu, baina gaur irabazi ahal izateko, uste dut erakutsitako maila hori denbora luzez mantendu behar zuela. Irabazi ditu finalak bost edo zazpi emanda, baina ez gaur bezalako Aimar baten aurka.