GARA > Idatzia > Kultura

Lauaxetaren fusilamenduaren urteurrenean, bere lana irakurtzeko gonbita Interneten

Gaur betetzen dira 75 urte Estepan Urkiaga «Lauaxeta» Gasteizko Santa Isabel hilerrian fusilatu zutenetik. Armiarma atariak Interneten dauka haren obra gehiena eta urteurren honetan irakurtzeko gonbita egin du.

p049_f01_97x108.jpg

GARA | DONOSTIA

1937ko ekainaren 25ean, egunsentiko 5:39an, fusilatu zuten Lauaxeta Gasteizko Santa Isabel hilerrian eta gaurko egunean, Armiarma ataritik gonbita egin dute bere obra garrantzitsuenak irakurtzeko. «Klasikoen gordailua» atalean (klasikoak.armiarma.com) honako lanak topa daitezke: «Bide barrijak» (1931), «Arrats beran» (1935), poema solteak (1925-1937), poema itzuliak (1927-1931) edo poesia kaiera (antologia); ipuin eta artikulu bilduma: «Azalpenak»; antzerkiak: «Asarre-aldija» (1931), «Epaya» (1932), eta itzulirik «Maurice Maeterlincken Balbia» (1932) eta Manu Sotaren «Iru gudari» (1933).

E-book moldean ere doan eskura daitezke Lauaxetaren zortzi ale «Liburu Elektronikoa» gunean. Bestalde, Lauaxeta berpiztu egin zuen Juan Luis Zabalak eta «Agur, Euzkadi» nobelako protagonista bilakatu 2000. urtean.

Bere obra bakarrik ez, zenbait idazlek berari eskainitako lanak ere eskura baitaitezke. Lauaxeta fusilatu eta bi urtera, «Gorputz dago gudaria» poema idatzi zuen Salbatore Mitxelenak. Hogeita hamar urte geroago, Gabriel Arestik ekarri zituen «In Memoriam» (1967) eta «Ekainaren 26 egun» (1970). Bernardo Atxagaren «Lauaxeta gogoan» 1976koa da, eta 1980an plazaratua Ibon Sarasolaren «Lauaxeta paredoian». Xabier Montoiak 1983an idatzi zuen «Orain dela», Saletxek «Txori xotila txiunka», Omar Nabarrok 1986an «Lied» bat, Iñigo Aranbarrik 1987an «Luma beltz-horidun tukana» eta geroago «Muxuka nazak». 1989an argitaratu ziren Eusebio Erkiagaren «Ez zaitez Gernikara joan» eta «Gernikara noake». 1989koa da «Lauaxetaren betaurrekoak», Koldo Izagirrerena. Jose Luis Otamendiren «Mendi-negarra» eta Joseba Sarrionandiaren «Olerkaria» 1995ean etorri ziren; eta 2003an Ignazio Aiestaranen «Poesia Auschwitz eta Gernikan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo