Porrota onartuta, UMPk eraberritzeari ekingo dio hautesleak berreskuratzeko
Max Brisson UMPko buruak Legebiltzarreko bozetan jasan duten «porrota ukaezina» dela aitortu zuen atzo. Haatik, beren boto-emaileak berreskuratzen ahaleginduko dira. Xede horrekin, mezua «lekuko arazoetara egokitu» eta ordezkari berriak bilatuko ditu alderdiak.
Arantxa MANTEROLA |
Pirinio Atlantikoetako UMPko idazkari nagusiak ez zituen hitzak leundu atzo Baionan, azken hauteskundeetako emaitzen balantzea egitean. «Porrot latza izan da, onartu beharra dago. Genituen bi diputatuak galdu egin ditugu eta orain europar parlamentari bakarra -Alain Lamassoure- geratzen zaigu».
Galera horren arrazoiak «nazionalak eta tokian tokikoak» izan direla gaineratu zuen Max Brissonek. Lehenen artean, «PSren uholdea» aipatu zuen, «bigarren itzulian areagotu egin zena». Hala, Estatuan ehun bat diputatu galdu ditu UMPk. «Gainera, lehen guri gertatu bezala, oraingoan hauteskunde sistemaren onurak jaso dituzte sozialistek», esan zuen sistema «neurrizko proportzionala» ezartzeko komenigarritasuna nabarmenduz.
Sarkozyren eta UMPren beraren diskurtsoa Ipar Euskal Herrian ere «errezeloz» hartu izana da, bere esanetan, porrotaren beste arrazoietako bat.
Hautagaien higadura
Bertako arrazoiak zerrendatzean, azken urteetan populazioaren emendatzeak ekarri duen aldaketa soziologikoa eta ohiko kultura politikoaren ahultzea aipatu zituen.
Horrez gain, aurkeztu zituzten hautagaien higadura onartu zuen Brissonek: «Politikoki biologikoki baino askoz azkarrago zahartzen gara. Hautagai berberak behin eta berriro aurkezteak higadura dakar eta ez dugu jakin aurpegiak eta ordezkariak berritzen. Oso kontuan izan beharko dugu aurrerantzean».
Alboan zuen Marc Oxibarrek, 4. hauteskunde-barrutian UMPren hautagai berria izan denak, lortutako babesa adibidetzat jarri zuen, eskuineko alderdiak «gai izango diren hautagai berriak» erdiesteko erronka duela aurrean azpimarratuz. Hain zuzen ere, 2014ko bozetara begira militante eta kide berriak aurkitu eta trebatzeko «tokian tokiko lana eta harreman zuzena» baino formula hoberik ez dagoela ziurtatu zuen Oxibarrek.
Lurraldera eta bertako arazoetara egokituko den mezu eraberritua finkatzeko premia dutela ere ondorioztatu dute UMPko arduradunek. «Finean, diskurtso neurtuagoa, ez hain eskuinekoa, elkartasunean eta lekuko arazoetan oinarritutakoa egituratu behar dugu».
Haatik, alderdien ideologiez harago doazen balore errepublikarren inguruko diskurtsoa ere hedatzea eta Estatu mailan alderdiak ezarriko duen ildoarekin uztartzea ezinbestekotzat jo zuten.
Eztabaida eta berreratzea
UMPk Estatu mailan ekingo dion barne-eztabaida hizpide hartuta, «Jean-François Cope eta François Fillonen arteko lehia hutsera» ez dela mugatuko adierazi zuen Brissonek: «Ez da bi pertsonaren arteko norgehiagoka izango. Alderdia gidatzeko beste hautagaiak eta proposamenak ere izango dira. Ez gaude 80 edo 90eko hamarkaden garaietan eta hau ez da UDF eta RPRn berrantolaketa».
Helburua «eztabaida ahalbidetzea eta gure proposamenen berri emateko jendearengana heltzea» dela gaineratu zuen. Xede berarekin ekingo diote Departamenduan, bai eta Ipar Euskal Herrian ere, herritarren bizitza-eremuetara joz.
UMPko ordezkariek aitortu zuten beren «lekua berreskuratzea epe luzeko zeregina» izango dela, baina horretara iristeko erabakitasun osoa azaldu zuten: «Porrot egin dugula onartzen dugu, baina gure helburu behinena gure boto-emaileak berreskuratzea da eta norabide horretan, eztabaida sustatu eta militantzia eraberrituko dugu».
En su calidad de coordinador general de la UMP de Pirineos Atlánticos y reconociendo estar muy afectado también a nivel personal, Max Brisson manifestó el pesar del partido por la pérdida en accidente de tráfico del presidente de UMP-64 Jóvenes, Nicolas Fotouhi. El jóven, de 21 años, falleció en la madrugada del sábado al domingo en Biarritz cuando circulaba en su scooter. Fue embestido por un vehículo que se dió a la fuga, si bien su conductor -otro joven- se entregó pocas horas después en la comisaría de la ciudad labortana. Fotouhi estudiaba Derecho en Baiona y presidía la sección juvenil del partido desde hacía tres años. A.M.
«François Bayrouk zentroa akabatu duen arren, tendentzia politiko hori berpiztu» egin behar dela esan zuen Brissonek, UMPren «aliatu naturaltzat» jota. Eskuinetik eratorritako babesaz gain, zentro-eskuineko joerak ere bere alderdiarentzat aldarrikatu zituen.