GARA > Idatzia > Kultura

Asier Altuna: «Bizi-kalitatea kulturan eta sorkuntzan datza»

Sorkuntza prozesuaren nondik norakoak izan zituzten hizpide Asier Altunak, Estitxu Fernandezek eta Ander Lipusek atzo Bilbon, «Euskarak zabaltzen dituen leihoak, ixten dituen ateak» mahai-inguruan. Edukiak eta euskara izan ziren solasaldiaren ardatzak.

Alvaro HILARIO | BILBO

Euskarazko sortze prozesuaren nondik norakoak aztertu zituzten atzo Asier Altuna zinemagileak, Estitxu Fernandez kazetariak eta Ander Lipus aktoreak. Prozesua lau ataletan banatu zuten solasaldiari bizitasuna emateko: prozesuaren abiapuntua, erabiltzen den euskara, finantzaketa eta ekoiztutakoaren hedapena.

Ekimena EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta BizBAK Bizkaia Bilbao Arte eta Kulturak antolatutako «Euskaraz bizi, sentitu, adierazi: kultura-eduki erakargarriak sortzeko bideak» izeneko udako ikastaroaren barruan kokatutakoa zen.

Abiapuntua

Nork bere lan egiteko moduak, bere trikimailuak baditu ere, «entzuten jakitea», inguruan duguna ikustea eta egiten den gauza guztien atzean «asmo serioak» egotea ezinbesteko osagaiak dira, hizlarien aburuz, euskaraz ekoizten diren kultur produktuak ahal bezainbat jenderengana heltzeko.

Bat egin zuten guztiek eduki erakargarriak egiteko beharrarekin, eta zeregin horretan publikoarekiko harremana oso garrantzitsuak dela nabarmendu zuten. Ander Lipusek, esaterako, kontuan izaten du aurrean duen ikuslea, eta ikuskizunak lekura moldatzen ditu; argi eta garbi adierazi zuen: «Niretzat publikoa obsesioa da».

ETBko kazetari Estitxu Fernadezek esan zuen aurrez egindako lana -dokumentazioa eta gidoia- garrantzitsua izan arren, berebiziko garrantzia duela ere egiten diren gauzetan «bihotza sartzeak» eta, horren harira, «entzuten jakitea». Hitz gutxitan esanda, «jendea motibatu» beharra dago eta horretarako funtsezkoa da lanak borobiltzea, maitasunez beteriko lanak aurkeztea.

Sosak eta hedapena

Jendearekiko harremanak sendotzeko edota ikusleen interesa pizteko heziketa guztiz beharrezkoa da, Asier Altunaren ustetan. Jendartean kultura ekoizpenekiko atxikimendua pizteko zinema eta antzerkia sartu beharko lirateke ikasketetan, literatura bezala, esaterako.

«Bizi-kalitatea kulturan eta sorkuntzan datza», esan zuen Asier Altunak; «etorkizuna kulturaren eskutik dator; kultura sustatu behar dugu errealitatea eraldatzeko», gehitu zuen, bestela enpresak eta politikariek bultzatzen duten uniformetasunean eroriko gara. Kultura, beraz, ezinbestekoa da hiritar kritikoak egon daitezen.

Oso kritiko azaldu ziren hirurak egungo diru laguntzen sistemarekin, dagoeneko finkatuta dauden egitasmoen mesederako izaten direlako. Izan ere, heziketa faltak eta dirurik ezak jendea -gazteak batez ere- sorkuntzan sartzea zailtzen dute.

Bestalde, lanak zabaltzeko bide txarrik ez dagoela esan zuten hiru hizlariek. Horrela, Internet eta sare sozialak garrantzitsuak direla onartu zuen Altunak. Halere, «film bat ikusteko beste askorekin leku itxi batean sartzea» berezia dela esan zuen Altunak berak. Hori dela eta, heziketa eta mota guztietako ikasleekin lan egitea funtsezkoa dela esan zuen.

Fernandezek adierazi zuen lanak jendartean zabaltzeko kalitatezko euskara eta komunikazioa ere ezinbestekoak direla.

Garbizalekeria, euskalkiak eta kalitatezko euskara

Ander Lipus euskara hutsean lan egiten dutenetakoa da. Ikuskizunak lekuaren arabera moldatzeko ohitura du, Euskal Herriak «errealitate ezberdin asko» dituelako.

Fernandez eta Altuna Lipusekin ados azaldu baziren ere, ñabardurak egin zituzten. Estitxu Fernandezek ETBk duen funtzioa eta bere lana eduki zituen abiapuntu; bere ustez, euskalkia ala batua erabiltzearen gaineko polemika «antzua» da: «Gero eta jende gehiagok ulertzen du batua eta helburua, hizkuntza bizia erabiliz, ahal bezainbat jenderengana iristea da, gero eta ulergarriagoak izatea». Nolanahi ere, erabilitako euskararen kalitatea zaindu behar dela esan zuen, besteak beste, kazetarien «lan tresna» delako. A.H.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo