GARA > Idatzia > Kultura

Maurice Rajsfus bazterketaren aurkako borrokalari sutsuak bi liburu berri kaleratu ditu

Jatorriz Poloniakoa, II. Mundu Gerran juduen aurkako bazterketa eta umiliazioa jasan zuen. Garai horri buruzko bi liburu kaleratu berri ditu. Bere idazkietan egungo gizartearen axolagabekeria ere salatzen du.

p041_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Maurice Rajsfus 1928an sortu zen. Bere gurasoekin atxilotu zuten, naziek, 1942ko uztailaren 16an, Frantziako okupazioan, Vel d'Hiv sarekada famatuan. Gertakari horretan 76.000 gizon, ume eta emazte deportatuak izan ziren.

Hamasei urte baino gutxiago zituenez askatua izan zen, baina gurasoak Aushwitzeko kanpamendura bidali zituzten eta bertan zendu ziren. Gertakari horiek eta nerabe zenean paltoan izar hori bat eramatera behartua izanak Rajsfus idazlearen obra markatu dute. Eta, sarekadaren eta gertakari «latz» horien 70. urteurrena ospatuko dela-eta, «Opération étoile jaune» eta «Drancy, un camp de concentration très ordinaire» liburuak kaleratu ditu.

Giza Eskubideen Ligak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Babes Elkarteak gomitaturik, hitzaldia eskaini zuen joan den ostegunean Baionan. Bertan, idazleak, «bazterketaren politika» gaia jorratu zuen, nazien okupazio garaiko herritarren jarrera eta egungoaren arteko loturak eginez. Okupazioan, izar horiak helburu zehatz bat zuen, «makurraraztea» eta «umiliatzea», eta, Rajsfusen esanetan, «axolagabekeria» izan zen nagusi. Lehenik, eliza ezberdinen jarrera salatu zuen. Juduei inposatzen zitzaizkien umiliazio eta debeku guztiek ez zuten sekula elizen erreakziorik piztu.

Axolagabekeria hori herritarren artean ere oso hedatua zegoen. «Izar horia eramaten nuela ikusten zutelarik, herritarrek beste leku batera begiratzen zuten. Ezin genuen ez saltegi, ez zinema, ez antzoki, ez eta igerilekuan ere sartu», gogoratu zuen.

Henri Michel erresistentzian aditua den frantses historialariaren esanak gogoratu zituen: «Armak hartzeko adina zeukaten herritarren %1 soilik sartu ziren erresistentzian okupazio garaian». Aldiz, komisariara, juduen aurkako milaka salaketa gutun iristen ziren hilero. «Okupazio garaian agintaritzan zegoen Vichyko gobernuaren garaian, eta aurreko urteetan ere, Frantzian atzerritarrak gaitzesten zituzten», zehaztu zuen. 70 urte pasa dira geroztik, eta, egungo Frantziako gizarteak «atzerritarrak» baztertzen jarraitzen duela azpimarratu zuen.

Sarkozyren eragina

Kanpotarren aurkako jarrera, aurretik indarrean bazen ere, 2002an Nicolas Sarkozy Barne ministro izan zelarik azkartu zela uste du Rajsfusek. Nortasun nazionalaren ministerioaren sorrera, atxikitze zentro administratiboetan umeak jartzea, eta Fronte Nazionala alderdi ultraeskuindarraren diskurtsoaren hedapena horren lekuko direla azaldu zuen idazleak.

Garaiak ez dira berdinak, baina egungo frantses gizartea gerran bezain axolagabea da, Rajsfusen iritziz. «Frantsesak ez dira xenofoboak, ez eta arrazistak ere, baina etorkinak ez dituzte maite», adierazi zuen. Estatu frantsesean paperik gabekoen alde egiten diren ekimenak gogora ekarri zituen. «Oso militante gutxi elkartzen da gehienetan. Ez dira ez eskuinekoak ez ezkerrekoak hurbiltzen. Alemanian, aldiz, nazien elkarretaratzeak direlarik parean aurkariak milaka izaten dira», bukatu zuen.

GARAIPENA BIHARKO

Estatu frantsesean atzerritarren aurkako jarrera 1973ko lehen krisi ekonomikoan hasi zela uste du idazleak. Belaunaldi berriekin jarrera horiek aldatuko diren itxaropena dauka Rajsfusek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo