GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Botiken berrordainketa, sistema publikoaren aurkako neurri bidegabe eta onartezina

Datorren igandetik aurrera Nafarroan indarrean jarriko dute botiken berrordainketa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aldiz, neurri hori abiatzea saihesteko dekretua onartu zuen Gasteizko Gobernuak atzo. Espainiako Gobernuak osasun sistemarako onartu berri dituen murrizketetako bat da botiken berrordainketa, «koordainketa» esaten dion arren. Ez da kontu berria eskubide murrizketak aurkezteko eufemismoak erabiltzea. Eta herritarrek beren zergen bidez ordaintzen dutena berriro ordainaraztea murrizketa da; edo, izen hori eman gabe, beste zerga bat eranstea, eta ez zerbitzu publikoak hobetzeko, hain justu. Izan ere, botiken berrordainketa oroz gain zerbitzu publikoen kontrako neurria da. Interes pribatuen aldeko politika ekonomiko eta fiskalaren azken atala -oraingoz-; hau da, zor pribatua diru publikoarekin kitatzeko ahalegina. Herritar guztiek ordaindutakoa ez du inork berriro ordaindu behar; horren ordez, beharrezkoa da, besteak beste, politika fiskal bidezkoagoa, zeinen arabera gehien dutenek gehiago ordaindu behar duten. Egiten ari direna kontrakoa da, eta gainera sinetsarazi nahi dute sistema publikoa ez dela bideragarria. Bidegabea eta onartezina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo