GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi | Kazetaria

Indonesiako eredua Egiptorako

Duela 14 urte indonesiar matxinadak Suharto bota ondoren gertatu zena gogoan duenak hamaika kidetasun aurkituko ditu egun Egipton gertatzen ari denarekin

The Economist» aldizkariaren aste honetako azalak -Keops piramidea, sumendia bailitzan, kea dariola ageri da, «Egipto arriskuan» izenburuaren pean- ez dakit oso egoki irudikatzen ote duen gero barneko orrialdeetan adierazten dena, baina egileak berak delibera zezakeena baino gehiago hurbiltzen dela auziaren mamira esango nuke. Inork aipatzen ez duen beste nonbaiteraino gogoeta-jauzia egiteko bidea eraikitzen duelako. Munduko sumendi gehien dituen lurraldea eta herrialde musulman populatuena den Indonesiaraino, hain zuzen.

Ez da oso aierukorra izan behar Egipton ernetzen izan litekeen demokrazia landare mendrea dela erabakitzeko, «The Economist»-ek eta beste hainbatek dioten eran. Iazko udaberriaz geroztik agintariek -militarrek, funtsean- egin dituzten urrats gehienak Tahriren sututako Iraultza irentzera bideratu dira. Lehendakaria aukeratzeko hauteskunde erabakigarriak egiteko orduan gertatu denak, haatik, markak hautsi ditu. Alde batetik, Hauteskunde Batzorde Gorenak lehendakarigai funtsezkoenak izan zitezkeen hainbat (Khairat El-Shater, Ayman Nour, Omar Suleiman) jokoz kanpo utzi zituen, indarrean diren baldintza aski xelebreak betetzen ez zituztelako. Hautagai izan ahal zutenetatik lauk emaitza parekatu samarrak (%17 eta %25 bitartekoak, parte hartzea %50ekoa zelarik ozta-ozta) lortu bazituzten ere lehen itzulian, bi bakarrik lehiatu ahal izan dira bigarrenean. Eta azkenean, mundu osoa urduritu duen itxaronaldi susmagarri baten ondoren, Mohamed Mursi islamista geratu da garaile botoen %52rekin, Mubaraken oinordeko Ahmed Shafik-en gainetik. Denek azpimarratzen dute lehendakari berriaren gristasuna eta esperientzia politiko falta...

Arazoa, ordea, are larriagoa da azken aste hauetan jazo diren beste zenbait gorabehera politikorekin uztartzen denean. Duela bi aste, Auzitegi Konstituzional Gorenak urtarrilean aukeratutako Parlamentua desegin egin zuen, arauak ez zirela bete argudiatuz; horren ondoriozko iskanbilaren aurrean, Indar Armatuen Batzorde Gorenak -arauak benetan nork ipintzen dituen erakutsiz-, bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenaren erabakia hiru egun geroago. Baina ez debalde: etorkizunean ez Legebiltzarrak ez lehendakariak ez dute eskumenik izango Armadaren aurrekontuen gain (dirutza horren zati handi bat Ameriketako Estatu Batuetatik iristen da, «laguntza» moduan), kanpo politika eta nazioarteko itunak ere uniformedunen zaintzapean geratuko dira, herritar zibilak atxilotu eta epaitzeko eskubidea izango dute militarrek... Kromo-truke baten aurrean gaudela esan daiteke: Mursi islamistari lehendakari izaten uztearen truke, «estatuaren barneko estatu» bihurtu da Armada, izatez eta legez.

Duela 14 urte indonesiar matxinadak Suharto bota ondoren gertatu zena gogoan duenak hamaika kidetasun aurkituko ditu egun Egipton gertatzen ari denarekin. A. Wahid eta M. Mursiren parekotasunak ez dira makalak. Ezta han eta hemen Armadak bere buruarentzat gordetzen duen papera ere. Ez ote da bietan «trantsizioaren» diseinua leku berberetik egiten ari direlako?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo