GARA > Idatzia > Euskal Herria

JEAN-LOUIS NEMBRINI | Bordeleko hezkuntza akademiako errektorea

«Baxoa osorik euskaraz egiteko, legea aldatu beharko litzateke»

Ipar Euskal Herriko ikasleek Batxilergo amaierako baxoa egin berri duten honetan, azterketak euskaraz egiteko eskubideaz eta hezkuntzari lotutako beste arazoez azalpenak eman ditu Akitaniako eskualdean eta, beraz, euskal lurraldean, hezkuntza politikako arduraduna den Jean-Louis Nembrinik.

p016_f01.jpg

Mattin PETRISSANS |

Ikasturtea joan ikasturtea jin, hezkuntza politikak hamaika gorabehera eragin ohi ditu Ipar Euskal Herrian. Mattin Petrissans Kazeta.info atariko kazetariak euskarazko hezkuntzaren inguruan aspalditik mahai gainean dauden auzien inguruan galdekatu du Jean-Louis Nembrini Bordeleko Hezkuntza Akademiako errektorea.

Euskarazko murgiltze sistemako eragileek batxilergo amaierako azterketa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzen dute. Zergatik ez da posible?

Batxilergo amaierako proba Frantziako azterketa nazionala da, eta, beraz, frantsesez egiten da Hezkuntza Ministerioak zehazten dituen gaietan oinarrituta. Euskarazko murgiltze sisteman diren ikasleen kasuan, egun legeak euskaraz soilik Historia eta Geografiako azterketa egitea ahalbidetzen du, betiere finkatutako gaiak errespetatuz. Baxoa osorik euskaraz egiteko eskubidea izateko, legea aldatu beharko litzateke.

Borondate politikoa da giltza, beraz...

Borondate politikoaren adierazle da jadanik Historia eta Geografiako azterketa euskaraz pasatzeko ahalmena. Gainera, gure antolaketa lege-testuetan oinarritzen da, eta, aukera ematen dutenean, aldaketak bideratzen ditugu. Nik, Akademiako errektore bezala, legeak dioena errespetatu behar dut. Haatik, aurten legeari bihurdura bat egin diogu, esperimentazio gisa Matematikako azterketa euskaraz egitea baimendu baitugu eskaera tematsua izan delako. Probak ukanen dituen emaitzak eta ikasleek zein baldintzatan egin duten aztertuko dugu inspektoreekin, beste arduradunekin eta interesatuekin; bereziki zorroztasun baldintzak eta azterketa euskaraz eta frantsesez egin duten ikasleen arteko berdintasun printzipio guztiak errespetatu diren aztertuko dugu. Ostean, legedia aldatu edo ez baloratuko dugu.

Beste ikasgai batzuek tratamendu bera ukanen dute?

Momentuz matematikarekin ari gara. Aurrerago ikusiko dugu... Derrigorrezko hezkuntza maila gainditutzat emateko brevet azterketaren hiru probetatik, jada bi euskaraz egiteko eskubidea onartuta dago. Azken finean, maila horretaraino Seaskako ikasleek kasik azterketa guztiak euskaraz egiten dituzte, Frantsesekoa salbu, hori, noski, ezin baita euskaraz egin.

Seaska aipatu duzunez, ikastolen federazioarekin izenpetu zenuten hiru urteko hitzarmena aurten bukatuko da. Geroari begira, zertan dira negoziaketak? Hitzarmena berritzen baduzue, iraupen luzeagoa izango al du?

Berriz ere hiru urteko iraupena izango lukeen akordio baten testua lantzen ari gara elkarrekin. Azken hitzarmena 2009ko uztailean izenpetu genuen, eta, horrenbestez, datorren hilabetean bukatuko da. Hurrengo hitzarmena oinarri bertsuetan, hau da, denen arteko elkar aditzean, lantzen ari gara.

Hezkuntzaren egoera oro har aztertuta, Pirinio Atlantikoetako departamendua hezkuntza arloan bikaintasun lurraldea dela nabarmendu zenuen iaz Euskararen Erakunde Publikoaren eskutik Baionan eginiko agerraldian. Hezkuntza baliabideen murrizketa bateragarria al da kalitatea mantentzeko erronkarekin?

Irakasle postu murrizketek klaseak ahal bezain gutxi hunkitu ditzaten saiatzen gara, batez ere Lehen Mailako eskoletan. Frantziako Gobernuak bi neurri berri hartu ditu. Lehena, Lehen Mailako eskolentzat baliabide gehiago ematea. Une honetan datorren ikasturterako ukanen ditugun baliabide berriak, hau da 62 postuak, Akitaniako departamendu guztien artean ahalik eta era zuzenenean nola banatu aztertzen ari naiz. Kontuan hartu behar da, ordea, Lehen Mailako irakaskuntzan Pirinio Atlantikoetako departamenduan ikasle kopurua txikitu egin dela azken ikasturteetan, eta, Girondan, berriz, beharrak handitu egin direla ikasle gehiago dituztelako. Bigarren neurria nahiko interesgarria da. Irakasle ikasketak egiten ari direnek hiru oreneko zerbitzu murriztea ukango dute, formakuntzarako denbora gehiago, beraz. Aipatu duzun bikaintasun maila hori atxikitzeko, irakasleek ikasleen harrera hobetzeko aukera ukanen dute horri esker.

Hezkuntzan izan diren baliabide murrizketek tentsioak eragin dituzte, bereziki sare elebidunean. Guraso batzuek irakasle postu elebidunak irekitzearen aurkako sinadurak bildu dituzte frantsesezko postuak galtzeko beldurrez. Barne tirabira horiek ekiditeko, zer egiteko asmoa du Hezkuntza Nazionalak irakaskuntza elebidunari dagokionez?

Niretzat gauzak aski sinpleak dira, ezin dugu baliabiderik erantsi ikasle aski ez delarik. Egiturak eskaera eta beharren arabera sortzea da gure politika. Erran duzu baliabideen murrizketak arlo honetan eragiten duela, baina ez dut uste. Pentsatzen dut betidanik izan direla barne tentsioak, beharbada gaizki ulertze bat izan da...

Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari ohiari, Max Brissoni, irakaskuntza elebiduna izateko eskaera politikatik eskaintza politikara igarotzeko ordua dela entzun diogu. Zer iruditzen zaizu?

Zaila da horri erantzutea. Politika positibo guztiak arduratsuak ere izan behar dira. Niretzako familien eskaera da garrantzitsuena. Eskaera ezaugarri anitzen mende dago. Berriz ere esaten dut familiek beren haurrek euskara mintza dezaten xedea badute, eskaera bideratuko dugula. Aldiz, ez zait ideia ona iruditzen egiturak abian jartzea ikasleak izango diren ziurtatu gabe. Ditugun baliabideekin arduratsu jokatu behar dugu, eta, beraz, klaseak osatuko diren jakin gabe ezin da egitura berri bat abian jarri, are gutxiago erabaki horrek beste lehentasun batzuk alboratzera eramaten gaituenean. Politika positibo baten aldekoa naiz, baina baita politika arduratsu baten aldekoa ere.

 

HITZARMENA

«Seaskarekin dugun hitzarmena bukatzear denez, hurrengo hiru urteotarako akordio berria lantzen ari gara elkar aditzean oinarrituz»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo