GARA > Idatzia > Euskal Herria

kronika | patakon gaztetxea hutsarazi dute

Uribarriko gazteen bidea geldituko ez duen hutsaraztea

Eguneko lehen izpien argitasuna ilunduz, beltzez jantzitako ertzainek Uribarriko ametsen etxea hutsarazi zuten atzo, istilurik gabe. Hustutako beste gaztetxe bat, Kukutzaren bide ilunari jarraituz. Alta, Uribarriko gazteriak argi dauka: «Gure bidea egiten, auzoa pizten, jarraituko dugu oztopo guztien gainetik».

p018_f01.jpg

Mikel PASTOR

Ekaineko azken egunetako bat. Goizeko zazpiak dira. Langileak, logura disimulatu ezinik, lanpostura gerturatzen ari dira, nagikeria askatu nahian. Gazteak, lotan, ikasleak direnak, edo esnatzen, zorionez lana dutenak.

Bat-batean, mugikorrek bizitza hartu dute. Teknologia berrien ikuskizuna. «Adi! Patakon desalojatu dute! Gerturatu Uribarrira!». Informazioaren biderkatzea, komunikazioaren mirakulua.

Patakonera ailegatu diren lehendabiziko gazteak txundituta geratu dira. Haien begien aurrean, Ertzaintzaren zortzi furgoneta, eta dozenaka agente, kasko gorri ezaguna buruan, gomazko piloten eskopeta eskuetan, Matiko kalea bi aldeetatik mozten. Flash-backak ekiditea ezinezkoa da. Bederatzi hilabete eta gero, Kukutzako hustearen mamua eta memoria kolektiboan gordeta dauden Ertzaintzaren karga bortitzak etorri dira Uribarrin guztien gogora.

Zorionez, oraingoan ez da horrelakorik gertatu. Txandaka lo egiten zuten gaztetxean Uribarriko gazteek, hustea ekiditeko. Ez dute lortu. Patakonen zeuden bost gazteak identifikarazi eta aske utzi dituzte, besterik gabe. Kalean, gazte asanbladako kideen lasaitu ederra, lagunak libre ikustean.

aurrera, beti aurrera

Goizeko hamaika eta erdietan, eta sustoa oraindik gorputzean dutela, asanbladako kideak Uzturre plazan batu dira, gaztetxetik metro gutxira. Aurpegian, tristura eta saminaren keinua iltzatuta, baina aurrera egiteko gogoa inoiz baino biziago.

Zalantza islatzen duten aurpegien artean, denen buruan den galdera norbanako baten ahotik entzun da: «Eta orain...zer?». Erantzuna Eirek, Uribarriko neska gazte batek, eman dio: «Orain, beti bezala, bidea egitera, auzoa lantzera, merkatarien eta auzokideekin erlazioak finkatzera, eta gure proiektua betetzera».

Hutsarazteari ze erantzun mota emango dioten eztabaidatu dute. Kukutza oso fresko dago memorian, eta Uribarriko gazteek ez dute Errekalden gertatutako istilu larriak euren auzoan errepikatzerik nahi. «Oso garrantzitsua da gure irudia lantzea, eta auzoak ikustea lanean segituko dugula», dio batek.

Aste honetarako protesta-plangintza prestatu dute. Ostegunean «kazerolada» egingo dute goizeko hamaiketan udaletxean. «Ostiral honetan gaztetxearen inaugurazioa egitekoak ginela gogoraraziko diegu. Ezin izango dugu eraikinean jairik ospatu, baina prestatuko dugu auzoan zeozer», ziurtatu du Eirek.

Kolektiboan, derrigorrezko kaleratze hori gertatu arren, baikor daude. «Gaztetxea galdu arren, auzokide gehienak gure alde ditugu», diote asanbladako kide gehienek, eta horrek «indar handiagoz aurrera jarraitzeko indarra ematen digu».

Arratsaldez, toki askotatik etorritako gazteek manifestazioa egin dute Patakon gaztetxearen alde. Uribarrin izanda, aldapan gora, bai, baina beti bezala, bidea eginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo