Presoen aldeko Andoaingo ekimena ikertuko duela esan du EAEko fiskal nagusiak
Presoen argazkien kontrako jazarpena bizi-bizirik da. Alde batetik, presoen irudiekin argazkiak ateratzeko Andoaingo ekimena ikertuko duela esan zuen atzo EAEko Fiskaltzak. Bestetik, Madrilen azpeitiar bat epaitu zuten preso baten argazkia zuen pankarta jartzeagatik.
GARA |
EAEko fiskal nagusi Juan Calparsororen ustez, Andoaingo festetan egin bezala euro baten truke presoen irudiekin argazkiak ateratzeko aukera eskaintzea «terrorismoa goraipatzea» izan daiteke. Gasteizko Parlamentuko pasabideetan kazetariei adierazi zienez, astelehenean Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijoren txosten bat jaso zuen Andoaingo ekimenari buruz komunikabideetan agertutako albisteekin. Ekimenaren ardura, gainera, Andoaingo Udalari berari egozten zioten komunikabide horietako batzuk.
Horiek horrela, Calparsororen arabera, orain Ertzaintzak ala Guardia Zibilak gertatutakoa ikertu beharko luke. Horrekin batera, epaitegiek ere ikerketa propioa egingo dutela iragarri zuen Calparsorok.
Bestalde, AVT elkarteak salaketa aurkeztu zuen atzo Auzitegi Nazional espainolean Andoaingo argazkien auziaren kontura. Europa Press agentziari AVT bertako abokatu Antonio Guerrerok adierazi zionez, ekimenaren bultzatzaileak identifikatzea eskatzen da salaketan, ustez «terrorismoa goraipatu» dutelakoan.
Epaiketa azpeitiar bati
Bestalde, Aritz Arzallus azpeitiarra Auzitegi Nazionalean epaitu zuten atzo iazko uztailean epaileek aldez aurretik baimendutako elkarretaratze batean preso baten argazkia zuen pankarta jarri zuelako. Teresa Sandoval fiskalak urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuen Arzallusentzat «terrorismoa goraipatzeagatik».
Arzallusek epaiketan azaldu zuenez, ez zekien preso baten argazkia erakustea delitua zenik, batik bat preso politikoen sakabanaketarekin amaitzea eskatzen zuen elkarretaratzea baimenduta zegoela kontuan izanda. Are gehiago, pankarta jarri eta gero zelatan zeuden ertzainek ez ziotela ezer esan azaldu zuen.
Epaiketa salatzeko helburuarekin elkarretaratzea egin zuten atzo Azpeitian Gernikako Akordioko sinatzaileek deituta 200 lagun inguruk. Aldexok, Belar Txarrak, Egurra ta Kitto, The Friday's Crew, Inpernuko Hauspue, Kasik, Old Bridge, Sardin Zaharrak, Segabathor eta Skandalue musika taldeek ere elkarretaratzearekin bat egin zuten. «Ez gaude kasu hau ez antzekorik onartzeko prest. Halako injustizien aurrean, ezin gara besoak gurutzaturik gelditu. Jazarpen dinamika honekin amaitzea denon esku dago. Herri presioak eta eragile sozial, politiko eta sindikalen arteko elkarlanak Euskal Herria bake eta normalizazio politikora darama», nabarmendu zuten Gernikako Akordioko sinatzaileek.
EAEko fiskal nagusi Juan Calparsorok adierazi duenez, Andoaingo jaietan preso politikoen irudien alboan euro baten truke argazkiak ateratzeko ekimena ikertu beharko luke Ertzaintzak ala Guardia Zibilak.
Aritz Arzallus azpeitiarraren aurkako urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak iaz baimendutako elkarrateratze batean preso baten irudia zuen pankarta zabaltzeagatik.