Jarrera egokia urautsian Osagai ezinbestekoa da errespetua
Zein da urautsian izan beharreko jarrera? Era askotako erantzunak bil daitezke, baina bada denek aipatzen duten hitz bat: errespetua.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Badira surf egitera goazenean jarraitu behar ditugun zenbait arau. Arau hauek, ordea, askotan konplexuak dira, urautsi motaren arabera arauak ere desberdinak baitira.
Gainera, arauen irakurketa desberdinak egin ohi dira eta kasu gehienetan txapelketetarako indarrean dauden arauak jarraitzen badira ere, badira idatzi gabeko zenbait arau, agian bidezkoak ez direnak, baina surflariak ezagutu behar dituenak.
Lehentasuna
Olatu bat norena den jakiteko arau nagusia nahiko erraza da. Olatua urautsitik gertuen hartu duen surflariak dauka lehentasuna. Olatua oso leku zehatz batean jazotzen den lekuetan, ordea, surflari guztiak eremu oso txiki batean izaten dira pilatuta eta halakoetan, berez, txandaka jardun beharko litzateke, baina denek ez dauzkate eskubide berak.
Norbera bere hondartzan dagoenean, eta bertako jendearekin surf egiten ari denean, bai, orduan, ezagun artean hitz egin eta berdintasunean ibil daitezke surlariak. Horrela ez denean, aldiz, kanpotarrek bertakoen errespetua irabazi behar dute, lehentasuna, halako kasuetan, bertako surflariena baita.
Urautsian giro ona egon dadin eta olatuak denen artean maila parekatuago batean hartzeko, ezinbestekoa da, arauak errespetatzeaz gain, jarrera egokia izatea.
Urautsi eta egoera desberdinen arabera jarraitu beharreko arauak ez ditugu gaurko honetan aipatuko, gai hori aurrez jorratu izan baitugu atal honetan bertan; beraz, jokabide egokia zein izan daitekeen izango dugu hizpide.
Jarrera egokia
Azkenaldian gero eta ugariagoak dira surflariak izan behar duen portaera egokia proposatzen dutenak. Surf Eskola, webgune eta antzekoetan gidaliburu modukoak argitaratzen dira, kasu gehienetan, kanpotik datorren surflariak nola jokatu behar duen ohartarazteko. Oinarrian, behin eta berriz errepikatzen den hitza «errespetua» da. Surflari askok dioen moduan: «Errespetua, errespetua eta errespetua».
Surfertoday.com webguneak, esaterako, honako proposamena egiten du.
1. Itsas jantzia bertako jendearengandik gertu jantzi. Pixkanaka haiengana gerturatu. Ez da beldurrik erakutsi behar eta ezta gehiegizko errespeturik ere. Patxadan jardun eta lasai ibili.
2. Urertzean beroketak egitera jaitsi eta lasaitasuna erakutsi; ez egin beroketak modu zakarrean, bertakoei lasai zabiltzala erakutsi, zure jarrera ikusita haiek ere lasaitu daitezen.
3. Barruratzean, motel arraun egin, olatu bat hartzeko irrikaz zaudela pentsa ez dezaten. Giroaz gozatu eta surf lasai egiteko asmotan zabiltzala erakutsi.
4. Jendea banan-banan agurtu. Begietara begiratu, apaltasunez, losintxari edo morroi itxura eman gabe.
5. Erantzuna jakin arren, bertakoei galdetu olatua hartzeko lekurik egokiena zein den.
6. Beste surflarienganako interesa erakutsi. Haiek olatuan daudenean begiratu eta olatua amaitzen dutenean onespen keinu bat egin.
7. Lehentasuna duzun lehen olatuan norbait ondoan arraun egiten ari bada, utzi berari olatua eta itzuleran, adeitsu, hurrengo olatua har dezakezun galdegin.
8. Behin errespetua irabazita, aukera etortzen den bakoitzean zure indar guztiekin arraun egin, aukerak galtzeko asmorik ez duzula erakutsi eta, bide batez, zu ere ongi ari zarela erakusteko.
9. Itzuleran, olatuen kalitate ona goretsi. «Zorionak, olatu bikainak dituzue» edo antzeko zerbait esan dezakezu.
10. Lekuko surflari pare bat garagardo bat hartzera gonbidatu eta abegitsuak izateagatik zoriondu.
Begirunea
Aipatu proposamenak bertakoen jarrera oso gogorra den lekuetan nola jardun esaten du, Hawaii edo antzeko lekuetan kasu. Lehentasuna izanda ere, bertakoei errespetua erakutsi behar zaiela erakusten du eskuliburu moduko honek.
Surflariak ez direnek ulertzen ez duten afera da honakoa. Zergatik dute batzuek besteek baino eskubide gehiago? Ez, agian ez da justua, baina errealitatea ezagutu behar da, surflariak zer gertatzen den jakin behar du.
Kontuak kontu, eztabaidan sartu gabe, surf egiten ikasten ari denak, denborarekin ikasi eta egokitu behar izaten du eta idatzi gabeko arau horiek ikasi behar izaten ditu.
Eskubideak eta begirunea irabazi egin behar dira. Zaharragoei zor zaien begirunea esaterako, ez zaie zor, helduagoak direlako bakarrik, egin duten ibilbideari esker, begirune hori irabazi egin dutelako baizik.
Beraz, esan bezala, badira idatzi gabeko arau modukoak. Oso konplexuak eta oso eztabaidagarriak dira, dudarik gabe, berauen irakurketa anitz egin baitaiteke, eta askotan gainera, lekuaren arabera ere, arau hauek aldatu egiten dira, baina surflariak horien berri izan behar du, egoki jardun nahi badu.
Badira kanpotarrei sarrera debekatzen zaien lekuak. Bertakoak dira jaun eta jabe eta ez dago eztabaidarako tarterik, baina leku oso zehatzak dira. Gehienetan, jarrera egoki bat izanez gero, gaizki-ulertuak ekidin eta lasai egin daiteke surfean.
Urautsian giro ona egon dadin eta olatuak denen artean era parekatuago batean hartzeko, arauak errespetatu eta jokabide egokia izan behar dute surflariek.
Asko dira surflariak izan behar duen jarrera proposatzen duten gidaliburuak. Kasu gehienetan, kanpotik datorren surflaria ohartarazten dute
Surflariak ez direnek ulertzen ez duten afera da. Zergatik dute batzuek eskubide gehiago? Kontua ez da justua ote den, horrela dela baizik.