GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Red Bull Night Shift 2012: airekoen txapelketa, gaueko iluntasunean Zarautzen izango da irailean Suitzako txapelketa nazionala

p042_f02_97x80.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Hegoafrikako ur beroetan izan da txapelketa, iragan asteburuan, Durbango North Beach hondartza famatuan. Ez da ohiko lehia izan, ikuskizuna helburu zuen ekimen bat baizik. Parte hartzaileak airekoak egiten adituak diren surflariak izan dira.

Bertako Jordy Smith surflariarekin batera, Travis Logie, Rudy Palmboom, Ricky Basnett, Dan Redman, David Weare, Chad Du Toit, Shaun Joubert, Slade Prestwich eta Michael February jardun dira olatuen gainean akrobaziak egiten.

Bi izan dira ekimen honetako berezitasun nagusiak. Batetik, ikuskizuna gauez izan da. Hondartzan jarritako argi indartsu batzuen laguntzaz parte hartzaileek olatua ikus zezaketen eta ikusleek ere ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten.

Bestalde, surflariak olatura abiada bizian iritsi eta aireko ikusgarriak egin ahal izateko motorren laguntza izan zuten. Beraz, uretako motorrek garraiatzen zituzten surflariak olatura abiadan, eta horiek aireko ikusgarriak egiten zituzten.

Iaz egin zen ekimen hau lehendabiziko aldiz eta arrakasta itzelezkoa izan zen. 10.000 pertsona inguru gerturatu zen surflariak hegan egiten ikustera.

Iaz ere Hegoafrikan izan zen txapelketa, Cape Town inguruan, Camps Bay Beach izeneko hondartzan hain zuzen ere, eta olatuak lagun izan ziren, parte hartzaileek euren abilezia erakutsi ahal izan baitzuten.

Aurtengoan, berriz, Durbanen izan da ekimena eta Jordy Smith parte hartzeko irrikaz zegoen, berak surf egiten ikasi zuen hondartza izan baitzen ekimena egiteko antolatzaileek aukeratu zuten lekua.

Gurean ere, izan da antzeko ekimen bat egiteko saiakerarik. Orain dela hiru urte Zarautzen zenbait surflarik argi fluoreszenteak taulari itsatsi eta motorren laguntzaz surf egiten aritu ziren, baina ez zeuzkaten behar adinako argi indartsuak eta ikusleek ezin izan zuten ekimenaz gozatu.

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Suitzarrek Zarautzen jokatuko dute titulu nazionala. Irailaren 11 eta 15 bitartean Suitzako txapelketa nazionala izango da.

Azken hamarkadan asko izan dira Zarautzen surf egiteko leku egokia aurkitu duten europarrak; Holandar, belgikar eta suitzarrek jada txapelketa ugari egin dituzte bertan eta udaro ikus daitezke kanpin inguruan.

Suitzarrei dagokienez, 15 urte daramatzate surf txapelketa nazionala antolatzen eta azken hiru urteetan Zarauzko hondartza aukeratu dute garrantzizko titulu hori lehiatzeko.

Gainera, parte hartzaileen artean zarauztarrak ere badira. June Erostarbe Geisser, esaterako zarauztarra da, baina ama suitzarra du eta txapelketan parte hartzen du.

Junek ez du hizkuntza arazorik eta parte hartzaileen artean beste bat izango da. Iaz lehiatu zen lehen aldiz, 12 urte besterik ez zituela, eta helduekin norgehiagoka jardun zen. Bere esanetan, ez zen oso gustura atera baina, hala ere, hirugarren postua lortu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo