«No comment!»
Surflari Ernegatua
Bai, gurean ere badira bertako izateari zor zaion errespetua nahieran ulertzen dutenak; ez dago Hawaii edo Kanaria uharteetara joan beharrik. Etxetik gertu, edo etxean bertan, atzerritar gisa urautsitik zu kanporatzen saiatuko den norbait topatuko duzu, ziur. Bertakoa ez den hizkuntza batean eta modu txarrean zuzenduko zaizu. Lasai hartu, 500 urte daramatzate hemen, udan hartzen dute indar, olatuak eskasak direnean, eta zaunka egiten dute, baina ez dakite hozka behar bezala egiten.
Bertako surflariak kanpotarrekin gogorren aritzen diren lekuek askotan ezaugarri jakin batzuk izaten dituzte. Olatu oso onak dauden lekuak dira (irlak kasu gehienetan), bortizki kolonizatu eta menperatuak, eta bertakoek, galdu duten gerraren samina, modurik koldarrenean kanporatzen dute, kolonizatzaileen aurrean men egin, eta haien ohituren arabera, kanpotik datorrena uretatik kanporatzen.
Baina esan bezala, ez dago urrun joan beharrik. Uharte izan gabe, eta kolonizatua izan gabe ere, «euren» hondartza indarrez «zaintzen» dutenak badira, hemendik gertu, baita hemen bertan ere. Gure burua kolonizatutzat daukagunok horrela ibiliko bagina, gaitz erdi, gutxienez argudio politiko bat aurkez genezake, baina ez, gurean «locals only» goiburua aldarte dutenek, ez dute argudiorik behar, indarra baizik. Eta indarra, bururik ez den lekuan, erraz aurkitzen da.
Ez da oraingo kontua. Lagun batek, orain urte asko Orion izan zuen gertaera bat kontatzen du sarri. Oso ongi irudikatzen du jende mota horren profila. Autoko bi gurpil zulatu zizkioten bertakoa ez zelako. Haserre, han inguruan barrez zegoen surflari taldearengana hurbildu eta ezagun zuen kide bati zuzendu zitzaion: «Ongi iruditzen zaik egin duzuena?» galdegin zion, eta besteak, masail gorrituta, zera erantzun zion, «arrazoi duzu, agian gurpil bat zulatzea nahikoa zen».
No comment!