Euskadi Irratiak udarako atondu duen menua, dastagai gaurtik
«Udako Faktoria», «Udan Blai», «@», «Zinesummer», «Lizardiren Baratza» eta «Bizitzaren Mapa» izango dira, besteak beste, Euskadi Irratiak udarako proposatzen dituen saioak. Kirol arloan, «Tostartean» egunero, eta urtero bezala, arratsaldero Tourrarekin zita izango dugu.
Koldo LANDALUZE | DONOSTIA
Udaz jantziko da Euskadi Irratia gaurtik aurrera. «Udako Faktoria» izango da entzungai, Nagore Telleriak aurkeztuta. Alex Txikon, Zuhaitz Gurrutxaga eta Irati Anda, mendia, futbol zelaia eta horma utzi, eta irratsaioan arituko dira udan. Albisteak kantuz kontatuko ditu Ane Arrutik. Aitziber Garmendia eta Sara Kozar aktoreak solasean jarriko dituzte eta, «Egin ezazu zerorrek» atalean, kortxoekin belarritakoak, plastikoekin lanparak... egiten ikasiko dugu. Gainera, Maritxu Errazkin 50 urte txofer gidari lanetan dabilen emakumeak, autobusean eramango gaitu Europan barna. Azkenik, Audience taldeko Hanot Mintegiak kanta ezagunen bertsioak eskainiko ditu zuzenean.
Horrez gain, gaurtik abiatuta, Itziar Aranguren izango da berriro Euskadi Irratian, «Udan Blai» tartearekin eguerdi oro. Umorea, bidaia pagotxak, festak, hondartzetako giroa eskainiko dituzte uda honetan. Ingelesa eta euskara ikastarotxo laburrak emango dituzte, «Udan Blai»ko lehiaketan parte hartzeko oporretan non diren esateko eskatuko diete entzuleei eta atzerrian zein etxeko oporretan jarriko dituzte belarriak eta mikrofonoak unitate ibiltariarekin.
Bestalde, «@» saioa ordubetera luzatuko da larunbatetan, Xabi Unanuek aurkeztuta (09.00-10.00); «Zinesummer» (15.00-16.00) filmen soinu banden saio berria entzun ahal izango da larunbat arratsaldetan Arkaitz Basterrak eta Arantza Kalzadak gidatuta; «Lizardiren Baratza» poesia saioak hitz ederrez bustiko ditu igande eguerdiak.
«Tostartean» saioak ere tarte zabalagoa izango du: gauero estropada denboraldiaren nondik norakoen berri emango dute. Manu Maritxalarrek zuzenduta, 22.00etan izango da entzungai asteartetik igandera. Gainera, estropada guztiak larunbat arratsalde eta igande goizetan kontatuko ditu eta «Arratsaldekoa» saioan, arratsaldero «Bizitzaren Mapak» erakutsiko dituzte hainbat gonbidatu ospetsuk. Beraien bizitzan eragina izan duten hamar kanturen bidez beren bizitzaren mapa egingo dute.