GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Oposizioak

Azkenaldi honetan, Euskal Herriko gizartearen portzentaje handi bat, lanpostu publikoen plazak adjudikatzeko oposizio faseak baldintzatuta bizi izan da. Osasun, hezkuntza, administrazio eta gainerako arloetako oposizioak prestatzen buru-belarri aritu direlako asko, beste asko beraien inguruko, lagun, familiako edo bikotekideak lan horretan ari direla-eta gertutik pairatu dutelako denoi iritsi zaigu oposizio horien oihartzuna. Gogorrak dira oposizio faseak; lan handiak hartu prestatzen, nork bere onena emateko ahalegin denak egin, gustuko hainbat gauza alde batera utzi eta hipotekatu beharra, saririk izango duen segurtasunik gabe. Asko dira ilusio osoz prestatzen dituztenak, baina gutxi batzuk besterik ez dira saria jasotzen duten zorionekoak.

Gertutik bizi izan dut neronek ere oposizio fase hau, eta goraipatu beharra daukat fase horretan aurrera egin dutenen nahiz aurrerapauso hori eman ezinik geratu direnen lana. Ez da badaezpadakoa guzti hori prestatzea!

Hein handi batean, identifikatuta ere sentitu naiz. Oposizioen hautaketa prozesu hori, txirrindularitzarekin alderagarria iruditu zait zenbait alderditan. Umetan, denok nahi genuen profesional mailara iritsi eta Tourrean parte hartu, Tourrean parte hartzea behin lortuta, guztion helburua Parisera iristea da, eta behin Parisera iristeko gaitasun hori izanda, etaparen bat irabaztea amesten dugu. Baina hautagai guztietatik gutxi batzuek baino ez dute lortzen galbahea pasa eta helburua lortzea. Horrek ez du esan nahi bidean geratu direnek meritu edo gaitasun gutxiago izan dutenik. Adibide argia, nire zutabekidea -badakit inoiz baino hobeto prestatu duela Tour hau Markelek eta sekula izandako sasoi onenean izanda ere, kirol mailaz kanpoko arrazoiak tarteko ezin izan du hemen egon-. Edo aurreko urteetan, ene kasuan bezala, erorketa edo lesioak tarteko, helburua betetzeko aukerarik gabe etxera itzuli beharrean izan garenok, edo berton egonda ahalegin biziz lehiatu arren, garaipenaren saria lortzeko aukerarik izan ez dugunok. Saria gutxi batzuek lortzen dute, Cancellara handia eta Sagan orain artean. Bi horiek, oposizioetan gertatzen den antzera, aurrez zituzten merituak kontuan hartuta, ia-ia podium horretan plaza ziurtatua zuten etorri aurretik, eta horrela baieztatu dute lehen egun bi hauetan.

Gure aldetik, Pabloren alde egin dugu apustua gaurkoan. Berak, gizon azkarra izanik, ihesaldian sartu eta mendiko saria lortzeko lehian aukerak zituela ikusten baikenuen. Etapa ona egin du, baina ezin izan dugu helburua bete.

Beraz, besarkada handi bana luzatu nahi dizuet oposizio hauetan murgilduta, munduaz isolaturik luzaro lanean jardun eta saririk lortu ez duzuenoi. Asko gara egoera horretan gaudenok... baina aukera sortzen den aldiro lehian jarraitu beharra daukagu!

Bestalde, oposizio horietan aurrera jarraitzen duzuenoi, zorionak eta zorte on datozen azterketetan!

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi, sinestezina badirudi ere, Tourrean ere sumatzen dela oposizioen eragina eta aurten azken urteetan egunero gure alboan izan dugun Txopi (ETBko erreportajeetarako kamera lanak egiten dituen gure laguna) falta zaigula! Animo eta besarkada bat hiri ere Txopi!!!

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo