GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Emakumeen bilkurak

Marjane Satrapi komiki-egile irandarraren lanetako batean, «Broderies» izenekoan, emakume talde baten arteko solasaldia islatzen da, hainbat belaunaldi bilduta. Bertan, emakume horiek ezkontzaz, sexuaz eta maitasunaz hitz egiten dute, lagunartean egin ohi dugun moduan: traba barik, barnea askatzeko. Tearen inguruan, emakume horietako batek bere istorioa kontatzen du: hamahiru urte zituela, egun batean, amak esan zion bera baino 56 urte zaharragoa zen gizon batekin ezkondu behar zuela. Berak negar eta negar egin arren, begitarteko ileak kendu zizkioten, adatsa moztu, sekulako soineko handinahikoan sartu eta makillatu eta lurrindu egin zuten, azkenean «haur urdangatxo bat ematen nuen arte». Dena agure baten gustukoa izateko. Hori, 60ko hamarkadan eta Teheranen.

Egun, gure kaleetan, era guztietako nerabe eta gaztetxoak dabiltza, bakoitza bere itxura eta estiloarekin, baina neskei erreparatuz gero, nahi edo helburu hori, alegia, «gizonen gustukoa izatea», gorputzaren bidez lortzeko saiakera nabarmena da euretako askorengan. Publizitatearen bidez, telesaio eta film andanaren bidez, aldizkarien bidez, gizonak emakume batengan zer miresten eta desio duen finkatzen da, zirrikiturik gabe, edertasuna eta edertasun hori ustiatzeko gaitasuna, abilezia, saritzen dira, sexya izatea maitasunean -eta harago- arrakasta lortzeko giltzarri bihurtuta. Beraz, itxura zaindu baino, neskatilek itxura zehatz hori lantzen dute, aurpegia nabarmen makillatuz, zentimetro gutxiko arropa soinean, zentimetro askoko takoiak oinetan, milimetrora zaindutako orrazkera ezinezkoak... Deseroso ibiltzen dira, panpina hautsiak balira bezala, mugimendu azkarrik egin barik, ez dakien ezer erori, ezer ireki, erakusleiho bateko manikiak izaten ikasten dute. Uste dutelako, horrela, gustatzen zaien horren arreta jasoko dutela, eta ondoren betiko zoriontsu biziko direla. Oraindik ez baitakite hori guztia ezdeusa dela harremanetan; oraindik gazteegiak, eskarmentu gabeak, direlako jakiteko maitasun harremanak beste mila gako dituela, eta horiek zerikusi gutxi dutela fatxada hutsarekin. Are gehiago, oraindik hartu-eman gutxi izan dutelako mutilekin jakiteko, benetan, haiek ere, sexu-grinaz gain, badutela garunik, eta bestelako interesik.

Hori ikusita, dena erraz eta berehala lor daitekeelako ustea nagusituriko garai honetan, sexua kontu hutsal eta gorputzen kontsumorako soilik erakutsia den honetan, beste herrialde batzuetan egun ere errotuago dirauen ohituraren beharra sekula baino gehiago dagoela uste dut: belaunaldi ezberdinetako emakumeen bilkurak. Elkarren arteko ezagutza transmisio horrek, hasteko, errealitatea garbiago ikusten lagundu ahal duelako, buruko informazio-nahastea argituz. Bestetik, neskatilei etorkizunean trauma ugari ekiditeko giltza eman ahal dielako, edertasunaz haragoko baliabideak erakutsiz, telebista, aldizkari eta publizitate-hesietan jasoko ez dituztenak. Eta, azkenik, gure nagusien jakituriak ez duelako preziorik, norberaren esperientzia partekatzea opari hutsa delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo