GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

PRESO POLITIKOEN EGOERA

Espetxe politika amaitzeko indar egitera deitu du Etxeratek jendartea

Euskal Herrian abiatutako aro politiko berriari muzin eginez, Madrilek eta Parisek salbuespenezko espetxe politikari eutsi ez ezik, gogortu ere egin dutela salatu ondoren, Etxeratek dei zuzena egin die euskal jendarteari eta eragileei egoera hori amaiarazteko. «Giza eskubideak ez dira ez saltzen ez negoziatzen. Errespetatu ala urratu egiten dira. Ez dago inolako aitzakiarik», nabarmendu zuten atzo Etxeratek Tolosan egin zuen biltzar nazionalean.

p002_f02_185x108.jpg

Martxelo DIAZ | TOLOSA

Euskal preso politikoek pairatzen duten sakabanaketa eta salbuespenezko neurrietan oinarrituriko espetxe politika behingoz aldarazteko dei zuzena egin zioten atzo Etxerat elkarteko kideek Euskal Herriko jendarte eta eragile politiko eta sindikalei.

Azken sei hilabeteotako balantzearen berri emateko Biltzar Nazionala egin zuen atzo Etxeratek Tolosako Leidor zinema aretoan. Bilkuran, Gloria Rekartek eta Iñaki Usandizagak preso politikoek pairatzen duten egoeraren berri eman zuten, kartzeletan jasotako datuetan oinarriturik.

Gauzak horrela, sakabanaketa berehala amaitu behar dela eta, bide batez, presoen eskubideak etengabe urratzen dituen salbuespenezko espetxe politika albo batera utzi behar dela aldarrikatu zuten Rekartek eta Usandizagak.

Sakabanaketarekin batera, isolamendua, biziarteko kartzela zigorra, baldintzapeko askatasuna ukatzea eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak espetxean mantentzea dira Parisko Gobernuak eta Madrilgoak indarrean mantentzen duten salbuespenezko kartzela politikaren ezaugarri nagusiak, Etxeraten txostenak jasotzen duenez.

«Giza eskubideak ez dira ez saltzen, ezta negoziatzen ere. Errespetatu ala urratu egiten dira. Ez dago inolako aitzakiarik», nabarmendu zuten.

Egoera honekin amaitzeko euskal jendarteari eta eragileei deia berretsi zuen atzo Etxeratek. «Guztion arteko esfortzua beharrezkoa da sakabanaketarekin behingoz amaitzeko. Hau da gure elkarteak hartzen duen konpromisoa», adierazi zuten, eragile politiko eta sindikalei eta oro har jendarte osoari zuzendutako mezuan.

Sakabanaketarekin batera bizi euskal preso politikoei ezarri zaien bizi osoko espetxe zigorra eta beste neurri bereziekin amaitzea ere eskatu zuten Etxerateko kideek.

«Gure senide eta lagunek erabateko tentsio une handiak jasaten dituzte, eta helburu horrekin presoei eta senideoi zuzendutako hainbat neurri aplikatzen dituzte: etengabeko kartzela edota modulu aldaketak, komunikazio mota guztietan esku-hartzea (baita intimoak deritzenetan ere), miaketak (egunean behin baino gehiagotan biluztera behartuta), eraso fisikoak, edozein ekintza egiterakoan edota harreman pertsonaletan izaten duten kontrola eta egiten dieten jarraipena, mediku kontsultetara joan ahal izateko eskaerak ukatzea... Euskal preso politikoei aplikatzen zaien sakabanaketa politika honek salbuespenezko neurri hauek aplikatzeko bidea irekitzen die», salatzen du Etxeraten txostenak.

Gauzak horrela, aldarrikapen hau aurkezteko, datozen hilabeteotan Etxerateko kideak Euskal Herriko eragile eta erakundeekin harremanetan jarriko direla jakinarazi zuten Rekartek eta Usandizagak.

Euskal Herrian zabaldu den aro politiko berriari muzin eginez, Estatu espainola zein frantsesa immobilismoan gotortu direla salatu zuten Etxerateko kideek, euskal preso politikoekiko espetxe politika bereziari eutsiz.

Gogorarazi zutenez, Madrilek eta Parisek jarrera aldatzeko zirkinik ere ez dute egin, nahiz eta Euskal Herriko jendartearen gehiengoak eta nazioarteko eragile ugarik kartzela politika berezia bertan behera uzteko urratsak egin ditzatela eskatu.

Eskakizun horiek izan badira ere, Etxeraten txostenak argi eta garbi uzten du preso politikoen egoera ez dela malgutu; alderantziz, okerrera egin du. Kartzelatuak xantaiarako tresna gisa erabiltzen ari direla salatu zuten presoen senideak biltzen duen elkarteak.

Sufrimenduaren datuak

Etxeratek atzo aurkeztu zuen txostena preso politikoek eta euren senideek pairatzen duten egoeraren erradiografia da. Horrela, 634 preso politiko daudela esaten du, 88 espetxetan sakabanatuta. Horietatik zortzi baino ez daude Euskal Herriko kartzeletan.

Sakabanaketaren egoerak ez du hobera egin azken sei hilabeteotan, okerrera baizik. 71 lekualdatze izan dira, baina horietatik bi baino ez dira izan presoak Euskal Herrira ekartzeko (bata Sevillatik eta bestea Zaragozatik). Bestalde, bost preso Euskal Herritik Estatu espainoleko espetxeetara eraman dituzte (hiru Salamancara, bat Avilara eta beste bat Pontevedrara).

Isolamendu eta bakartze egoera ere aztertzen du Etxeratek txostenak. «Isolamendu egoera espetxe arautegian oso kasu zehatzetara zuzendutako neurria bada ere, kolektibo honen kasuan ohiko edota behin betiko neurri gisa aplikatzen da. Are gehiago, ohikoa bilakatu da pertsona hauek bata besteengandik bakartzea espetxe zein moduluetan», dio txostenak. Txus Martin (Zaballa), Leire Martinez (Zaballa), Egoitz Garmendia (Alcala), Oihane Bakedano (Jaen), Julen Eizagirre (Joux-La-Ville), Marian Aramendi (Joux-La-Ville), Jean-Marie Saint-Pee (Lo Mont de Marsan), Ibai Peña (Mureth-Seishes), Mikel Almandoz (Tarascon) eta Juan Carlos Estevez (Tolon) dira egun espetxeetan bakartuak dauden presoak, kopuru hau edozein unetan aldatu badaiteke ere.

Azken sei hilabete hauetan euskal preso politikoek zazpi eraso pairatu dituztela ere salatu du Etxeratek: Xabier Arina (Puerto III), Itziar Moreno (Dijon), Aitor Fresnedo (Castello II-Albocasser), Iurgi Garitagoitia (Bois d'Arcy), Xabier Arina (Valdemoro), Aitzol Gogorza (Basauri) eta Liher Rodriguez (Soto del Real).

Biziarteko espetxe zigorrari dagokionez, Estatu frantsesak hiru presori (Jakes Esnal, Frederik Haranburu eta Jon Parot) ezarri die. Estatu espainolean, berriz, Auzitegi Konstituzionalak ezkutuan, zigor honi ateak ireki dizkio 197/2006 doktrina babestuz. Erabaki horren kontra jarritako lau helegite onartu dituzte eta beste 19 ukatu dituzte. Beste hiru helegite ez ziren tramitera onartuak ere izan eta beste 21 onartuak izan dira. Horiez gain, 18 helegite onartuak izateko zain daude, Etxeraten esanetan.

harremanak

Euskal Herriko eragile eta erakundeekin bilduko da Etxerat, euskal preso politikoek egun pairatzen duten salbuespenezko espetxe politika amaiarazteko pausoak ematea helburu.

634

euskal preso politiko daude 88 espetxetan sakabanatuta, Etxeraten txostenaren arabera. Horietatik soilik lau daude Euskal Herrian. 470 Estatu espainolean daude eta beste 139, Estatu frantsesean.

gose grebak

Zazpi presok (Itziar Moreno, Oihana Garmendia, Ibon Goieskoetxea, Borja Gutierrez, Naia Lacroix, Zuhaitz Errasti eta Eneko Goieskoetxea) gose grebak egin dituzte azkenaldian euren bizi-baldintza ankerrak salatzeko helburuz.

bi iheslari hilda

Urte luzez erbestean izan ziren Jose Mari Aldasoro (Baionan) eta Luxiano Eizagirre (Kuban) hil dira aurten. Ehunka iheslari Euskal Herritik milaka eta milaka kilometrora bizi direla gogorarazi zuen Etxeratek.

Ugarteburu reclama que se deroguen las medidas basadas en la venganza

Maribi Ugarteburu, portavoz de la izquiera abertzale, reclamó ayer que cese la política penitenciaria que se aplica a los presos políticos vascos, «basada en la crueldad, en el sufrimiento y en la venganza». En este sentido, subrayó que «hay que empezar por derogar todas las medidas violentas de vulneración de los derechos humanos de los presos políticos».

Ugarteburu realizó estas declaraciones a los medios de comunicación tras participar como invitada en la asamblea que Etxerat celebró ayer en Tolosa para hacer balance de la situación de los presos políticos en los primeros seis meses del año.

También acudieron a la localidad guipuzcoana el diputado de Amaiur Xabier Mikel Errekondo, la juntera guipuzcoana de Aralar Rebeka Ubera, la parlamentaria navarra de Bildu Bakartxo Ruiz y la secretaria general de LAB, Ainhoa Etxaide.

La portavoz de la izquierda abertzale destacó que los datos recopilados por Etxerat en su balance semestral dejan en evidencia que «en materia de política penitenciaria no solamente no se ha dado ni un solo paso positivo en dirección a la humanización de la situación de los presos políticos, sino que se ve claramente que incluso se ha registrado un deterioro».

Por ello, Ugarteburu se sumó al llamamiento realizado por Etxerat para emplazar a la sociedad vasca a redoblar esfuerzos para acabar con la dispersión y el resto de medidas de excepción aplicadas a los presos políticos, por lo que instó a la sociedad y a los agentes políticos a «aunar sus fuerzas por encima de siglas políticas o de las ideologías, ya que hay una mayoría social que piensa que hay dar pasos positivos y respetar los derechos de los presos y sus familiares». M.D.

preso gaixoAK

Gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten preso politikoek ahal bezain lasterren kalean izan behar dutela aldarrikatu zuen Etxeratek, kartzelan segitzen badute, konpondu ezinezko ondorioak jasan ditzaketelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo