AIZKORA Gazte Mailako finala
Vicente II.ak jantzi zuen txapela, Eneko Otañorekin ikaragarrizko lehia izan ostean
J.L.
Gazte Mailako Euskal Herriko Txapelketako finala jokatu zen atzo Usurbilen, eta Iker Vicentek lortu zuen txapela. Neurketa aparta izan zen bere eta Eneko Otañoren artekoa. Bi aizkolariek sekulako lana egin zuten, hasieratik bukaerara biak parean joan ziren, baina azkenean Otsagabikoak bi kolperen aldea kendu zion Beizamakoari. Amaieran biek lortutako denborak ere oso ona izan zen.
Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta lau 45 ontzako erdibitu behar izan zituen. Otaño zen garaipena erdiesteko faboritoa, baina denek garbi zuten Vicente II.a zela berari aurre egin ziezaiokeen bakarra. Nafarrak lehen enborra aurretik bota zuen, eta horrelaxe joan ziren lehiaketa osoan zehar. Bi faboritoen arteko dema ikusgarria izan zen. Vicente aurretik eta Otaño atzetik, amaierara bitarte horrelaxe joan ziren, eta bukaeran Vicentek lehenago amaitu zuen.
Amaierako denborak hamabi segundoren aldea erakusten du, baina tartea txikiagoa izan zen. Otsagabikoak bere lanak amaitu zituenean, Beizamakoa gelditu egin zen, eta horregatik izan zen tarte hori, bestela bi kolpe besterik ez baitziren egon. Hortik atzerako aldeak oso nabarmenak izan ziren, eta Etxeberria II.ak osatu zuen podiuma. Atzetik Larrea III.a eta plazetan lehen aldiz agertu zen Kañamares IV.a sailkatu ziren.