SEGA Euskal Herriko Txapelketa
Faborito guztiak, finalera
Alkortak, Lizasok, Ormaetxeak eta Kanflankak lortu zuten Erratzun azkeneko ekinaldian aritzeko txartela.
Jon LEUNDA
Lizaso, Kanflanka, Alkorta eta Ormaetxea sailkatu ziren herenegun Erratzun Euskal Herriko finala jokatzeko. Ez zen ezuste bat bera ere egon, aurretik iragartzen ziren lau segalariek lortu baitzuten azken ekinaldian egoteko txartela. Garaipena, berriz, Alkortak lortu zuen.
Zazpi segalari neurtu ziren, eta bi multzotan banatuta lehiatu ziren. Lehenengoan, Alkorta izan zen nagusi, Kanflankaren eta Etxeberriaren aurretik. Bigarren multzoan, berriz, lau ziren lehian aritu ziren segalariak, eta Lizaso izan zen onena. Bigarren postuan sailkatu zen Ormaetxea, eta Orendaingoak ere azkeneko ekinaldian aritzeko txartela eskuratu zuen. Maguregi eta Intxaurbe izan ziren kanpoan geratu zirenak. Segalari bakoitzak ordu erdia izan zuen lanean aritzeko. Txapelketa hau era tradizionalean jokatzen dena da.
Gipuzkoako Txapelketa
Esnaolak eta Etxaburuak irabazi zuten atzo mutiletan eta nesketan nazioarteko erako Gipuzkoako Txapelketa. Zizurkilen jokatu zen neurketa eta 200 ikusletik gora batu ziren.
Mutilek 100 metro koadroko bi sail ebaki behar izan zituzten, eta 50 metro koadroko bina, neskek. Hemen abiadura eta txukuntasuna uztartzen dira. Ez du azkar ebakitzeak bakarrik balio, txukun ere ebaki behar izaten baita, bestela egindako denborari zigorra ere eransten zaio.
Mutiletan Esnaola eta Lizaso ziren irabazteko faboritoak, eta lehia bien artean izan zen. Azkenean Legorretakoak eraman zuen garaipena, eta bien artean 15 segundoko tartea besterik ez zen egon. Esnaola dago, gainera, Euskal Herriko Ligako lehen postuan, baina han ez da Lizaso lehiatzen ari; beraz, bi hauek ez dira aurten berriro elkarren aurka neurtuko.
Nesketan, Etxaburuak lortu zuen garaipena, eta Euskal Herriko Ligan egiten ari dena ez dela zorte on kontua argi eta garbi utzi zuen atzo. Oraingoan ere mendean hartu zuen Arrate Garin legorretarra. Orain, nazioarteko eran Euskal Herriko Liga falta da amaitzeko.
Alatzne Etxaburuak eta Igor Esnaolak irabazi zuten atzo jokatu zen Gipuzkoako Nazioarteko Erako Txapelketa. Biak faboritoen artean ziren, eta ez batak ez besteak ez zuen hutsik egin.
Kañamares III.ak eta Eugik eman zuten atzo Usurbilen jokatu zen Euskal Herriko Txapelketako ustekabea, kanporaketako onenak izan baitziren.
Barberena anaiak dira egungo txapeldunak, eta atzo kanporaketa irabazteko faboritoak ziren, baina ez zuten lehen postua eskuratzerik izan.
Bikote bakoitzak hamar epai eman behar zizkion 45 ontzako etzanda jarritako enborrari, eta bost zutik jarritakoari. Kañamaresek eta Eugik 4 minutu eta 48 segundo behar izan zituzten lanak bukatzeko. Barberena anaiek, berriz, bost minutu. Beraiekin batera, Etxeberria-Astondoa (5.11), Ardeo-Arozena (5.47), Cano-Maiza (6.02) eta Iraola-Garmendia (6.18), sailkatu ziren finala jokatzeko. Azken ekinalditik kanpo, Pikabea anaiak (6.23) eta Etxenike-Irigoien (6.47) geratu ziren. J.L.