GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

AFIZIONATUAK Euskadiko Binakako Txapelketa

Arresek eta Altunak duten eskarmentua agerian jarri, eta merezitako txapela janztea erdietsi zuten

J.L.

Arresek eta Altunak irabazi zuten Euskadiko Eliteko Binakako Txapelketa, atzo Zumarragan jokatu zen finalean Santxo eta Tolosari 22 eta 16 irabazi ostean. Jendeak ere bikain erantzun zuen, harmailek oso itxura ona izan baitzuten.

Kirolean, gainerako lanetan bezalaxe, ofizioa ongi menderatzeak asko balio izaten du, eta horixe gertatu zen atzo Zumarragan jokatu zen finalean. Arresek eta Altunak askoz ere eskarmentu handiagoa dutela erakutsi zuten, eta horrek txapela lortzeko balio izan zien.

Irabazleek ez zuten partida ikusgarri horietakoa egin, baina irabazteko nahikoa egin zuten. Altunak eskarmentu handia dauka. Profesionaletan Frontisekin aritutakoa da, eta hori ederki erakusten du jokatzen duen bakoitzean. Herriarteko Txapelketan Berrobirekin finalera iritsi da, balentria handia lortuz, eta joan den astean Urretxuko San Juan Torneoa irabazi zuen. Hori guztia kasualitatea ez dela izan erakutsi zuen atzo jokatu zuen norgehiagokan.

Arresek ere ez zuen final ikusgarri horietakoa egin, baina egindako guztia ongi egin zuen, eta horrelako partidetan hori erabakigarria izaten da. Oso huts gutxi egin zituen, eta ederki aritu zen Altunaren babesean. Amaieran ongi merezitako garaipena erdietsi zuten.

Jendeak Tolosa gaztea ikusteko gogoa zuen. Hasiera ona izan zuen, gauza oso politak egin zituen, itxura ona eman zuen, baina oraindik ikasteko asko daukala ikusi zen, eta hori ere normala da, oso gaztea baita oraindik. Bere adinekoak baino zaharragoekin ari da jokatzen, eta eskarmentu falta hori nabaritzea oso normala da.

Santxok ere gauza onak eta txarrak uztartu zituen, tanto onak eta hutsak tartekatu zituen. Partidan sartzeko parada izan zuenean huts egin zuen, eta garaipena lortzeko zituzten aukerak ihes egin zuten. Hau ere gaztea da, eta ikasteko tarte handia dauka, eta izango du gauzak ongi egiteko aukerarik.

Atzoko finaleko markagailuak hauek eman zituen: 2-4, 4-4, 9-5, 12-7, 13-8, 16-8, 19-10, 19-14, 20-14, 20-16, 22-16.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo