GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Txapeldunen Liga

Aitzol Atutxa izan da lehen jardunaldiko azken garailea

Bizkaitarrak minutu eta erdiko abantaila atera zion Ugaitz Mugertzari.

p044_f01_148x096.jpg

Jon LEUNDA

Aitzol Atutxak lortu zuen Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako lehen jardunaldiko azken garaipena. Bizkaitarrak mendean hartu zuen Ugaitz Mugertza, eta sei probetatik bostetan aurre hartu zion mutrikuarrari.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren hasteko, eta Aitzolek 34 kolpetan erdibitu zuen enborra, eta seiren aldea kendu zion mutrikuarrari. Ondoren ere tamaina bereko enborrarekin lehiatu ziren, baina oraingoan erlojuz kontra lehiatu ziren. 49 segundo behar izan zituen Atutxak bere lanak amaitzeko, eta 53, berriz, Ugaitz Mugertzak.

Hirugarren lana ere 45 ontzakoarekin izan zuten, baina oraingoan zutik jarrita. Proba honetan bi aizkolarien arteko berdinketa bakarra egon zen, biek denbora bera behar izan baitzuten lana burutzeko. 1.25 izan zen bien marka.

Laugarren proban, 60 ontzakoa etzanda jarrita moztu behar izan zuten, eta Atutxak ia erabakita utzi zuen saioa. 2.13 izan zen bere denbora eta 2.43, berriz, gipuzkoarrarena. Bosgarren saioan, berriz, proba mistoak izan zituzten. 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita, eta berriro ere Aitzol izan zen onena. 2.36 izan zen bere denbora eta 2.48, Mugertzarena. Ekinaldia amaitzeko, iraupen proba bakarrik falta zen, eta hara ia minutu bateko aldearekin sartu zen aizkolari bizkaitarra. Lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten, eta berriro ere Atutxa izan zen onena. 8.37 izan zen bere denbora eta 9.16, berriz, Mugertzarena. Lan guztiak burutzeko, 16 minutu eta 14 segundo behar izan zituen Aitzol Atutxak, eta 17 minutu eta 45 segundo, berriz, Mugertza II.ak.

Honekin amaitu da lehen jardunaldia, eta Nazabal, Otaño eta Atutxa daude sailkapenaren buruan, jokatutako saioa irabazita. Larretxeak, Azurmendik, eta Mugertzak, berriz, galdu egin dute beraiek jokatu dutena.

Sokatira

Goiherrik irabazi ditu Lur Gaineko Txapelketako 680ko eta 640ko txapelak, eta badirudi 600ekoan ere gauza bera egin behar duela. Lehen kolpea, behintzat, eman du, aipaturiko pisuko lehen saioa ere bereganatu baitzuen eta berriro ere beste guztien gainetik agertu zen. Goiherrik saioko tiraldi guztiak irabaziz lortu zuen garaipena, eta txapela lortzeko faboritoak zeintzuk diren argi eta garbi utzi zuten, inork zalantzarik baldin bazuen ere.

Bigarren posturako lehia horretan, berriz, Mutrikuk eskuratu zuen garaipena, eta zilarrezko domina kolkoratzeko lehen urratsa egin zuen. Halere, geratzen diren bi jardunaldietan ere borroka handia egin beharko du, baina oraingoz bigarren postuan dago.

Hirugarren postuan, berriz, berdinketa egon zen, eta gainera klub bereko bi taldeak, Gaztedi A eta Gaztedi B, geratu ziren berdinduta. Bosgarren postuan, aldiz, Goiherri B taldeak amaitu zuen. Apur bat gorago ibiltzeko ere itxaropena bazuten, eta geratzen diren bi saioetan maila hobetu beharko dute. Azkena, Getxoko taldea geratu zen. Bi pisu handietan ez da aritu lanean, eta beretzat denboraldiko lehen saioa izan zen herenegungoa, eta azkena amaitu zuen.

Kabiezes sailkapeneko lehen postuan jarri da

Herenegun jokatutako saioen ostean, Kabiezes jarri da sailkapeneko lehen postuan, bere herrian jokatu zen ekinaldia irabazi egin baitzuen. 10 zulo eta 8,5 zentimetro zulatu zituzten Kabiezes taldeko zulatzaileek, eta Errekatxokoek, berriz, 10 zulo eta 2,7 zentimetro. Mungian ere izan zen saioa, eta han ere bi talde lehiatu ziren. Burdin Gazteak izan zen nagusi 13 zuloko markarekin. Bigarren, berriz, Las Karreras sailkatu zen 10 zulorekin. Sailkapen nagusian, Kabiezes doa lehen postuan 55 zulorekin, eta bi zuloren aldea kentzen dio bigarren postuan dagoen Gallarta taldeari, nahiz eta hauek jardunaldi bat gutxiago daramaten. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo