EPPKren laguntza taldeak «bide berriak irekitzea» izango du helburu
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak egindako gonbitari baiezkoa eman zion atzo hogei lagunez osatutako laguntza taldeak. Eragile sozial eta politikoekin batuko dira, presoen auzian zein posizio duten jakiteko. Helburu nagusia, «blokeo egoera apurtzea, bideak irekiz».
Mikel PASTOR | BILBO
Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren eskaerari baiezkoa eman zioten atzo laguntza taldea osatzen duten hogei pertsonek, Bilbon egindako agerraldian. Espetxeetako errealitatearen «eza- gutza zuzena» duten kide hauen helburua eragile sozial eta politikoekin batzea izango da, espetxe politikaren inguruan daukaten posizioa ezagutzeko, eta espainiar eta frantziar estatuek presoen auzian mantentzen duten «itxikeria eta blokeo» jarrerari aurre egiteko.
Itziar Galardik, euskaraz, Jose Campok, frantsesez, eta Aintzane Ortolagak, gaztelaniaz, irakurritako dokumentuan, «eragile sozial eta politiko ororekin presoen egoera eta irtenbidearen inguruan mintzatzeko» prestutatasuna agertu zuten, presoen hitza entzunaraztera dei eginez.
Laguntza taldeko kideek «espetxe politikaren ezagutza zuzena» dutela adierazi zuten; «gure artean urte luzetako espetxealdia izan zuen zenbait kide» zeudelako. EPPKren mintzaidetzaren proposamena onartu berri duen talde honek helburu «sinple eta argia» izango du: «Eragile sozialei eta politikoei Mintzaidetzarekiko hartu-emanak ireki eta garatzeko erraztasunak ematea».
Blokeoa apurtu
Laguntza taldearen hitzetan, estatu espainiar eta frantsesak gaur arte mantendu duten «itxikeria eta blokeo jarrerak» albo batera utzi behar dira, «presoen egoerari eta konponbideari ateak irekiz».
Talde berriko 25 kideek (ikusi zerrenda Naiz.info-n) bide propioa egingo dutela adierazi zuten, «agintari politikoek temati jarraitzen badute ere. Euskal Herriko eta nazioarteko eragileekin hartu-emanak abiatzeak berebiziko garrantzia» duelako, laguntza taldearen iritziz.
«Presoak gatazkaren ondorio eta parte diren bezala, konponbidearena ere badira», nabarmendu zuen laguntza taldeak, «konponbide demokratikoaren aldeko apustua egiten dugunok presoekin mintzatzea ezinbestekoa dela» gaineratuta. Ondorengo egunotan kontaktuak hasiko dituztela gaineratu zuten, lehenengo agerraldi honetan.