Berrordainketa, eraso neoliberalaren azken atala
Nafarroako Osasun kontseilari Marta Verak esan zuenez, berrordainketa indarrean sartu osteko lehen orduak istilurik gabe iragan ziren, herritar askorengan sistema berriak nahasmena sortu bazuen ere. Nolanahi ere, indarrean da berrordainketa Nafarroan, Estatu gehienean bezala. Salbuespena Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa dira, PSEren Gobernuak Lakuako aulkian geratzen zaion epe laburrean ezkerreko profila erakutsi behar du-eta, oraintsu arte Gasteizen lehentasunezko bazkide izandakotik distantzia nabarmendu nahian.
Berrordainketa, sor litzakeen «arazotxoez» harago, zerbitzu publikoen aurkako eraso neoliberalaren azken atala da. Lan eta pentsio erreformak, sistema publikoko murrizketak, BEZaren igoera... eta neurri horien ustezko helburuetatik bat ere bete gabe. Ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko ezinbestekoak omen ziren, baina horiek betetzetik urrun, kontrako efektua eragin dute. Eta defizitari aurre egiteko helburuak ere bete gabe jarraitzen du, batzuek iragarri zuten bezala; baina hori ikusita ere, norabide bereko neurriak hartzen jarraitzen eta jarraituko dute. Zerbitzu publikoak deuseztatzen eta krisiaren eragileak erreskatatzen, langileen eta behartsuenen bizkar, kaltetuenen bizkar, alegia, denen sakrifizioa beharrezkoa dela esanda. Oraingoan sakrifizioa berrordainketa da, sakrifizioak egiteko tarterik txikiena dutenenei ezarria.