Hitz Open gaztetxeak etorkizuna bermatzeko hitzarmena sinatuko du
GARA | UZTARITZE
Uztaritzeko Herriko Etxea eta Hitz Open herriko gaztetxearen arteko hainbat urteko gatazkak amaitzeko bidea hartu zuen ostegun arratsean, bi aldeen artean izandako bilkuraren ondotik. Atzo Hitz Open gaztetxeko kideek eman zuten berria: «Debate luze baten ondorioz, azkenean, Lesbats eta bere zerrendak hasieran negoziatu genuen akordioa izenpetzeko prest zirela azaldu digute».
Gaztetxearen eta udaletxearen arteko urteetako ezadostasunak maila gorenera iritsi ziren azken asteotan. Herriko Etxeak beren puskak lokal zaharretik ateratzeko asmoa zuela jakitean, etengabeko mobilizazioa antolatu zuten gazteek beren haserrea agertzeko. «Hitzarmena izenpetu arte ez genuela mobilizazioa gelditu nahi argiki erran genuen», adierazi zuten gazteek aste hasieran.
Bi herriko kontseiluetan protesta agertu ostean, Herriko Etxeak zenbait neurri hartu zituen -hala nola gaztetxe zaharreko sarraila aldatzea, gazteei deus erran gabe- eta horrek gazteen haserrea areagotu zuen. Ostegun arratseko bilkurarekin eten zituzten protestak gazteek. Dominique Lesbats auzapezak gazteek finkaturiko baldintzak kontuan hartzen dituen hitzarmena datorren astean izenpetuko dutela jakinarazi die gaztetxeko kideei.
«Lorpena hainbat urtetan eta batez ere azken bi asteetan izandako mobilizazioei esker gertatu da», esan zuten.