Gizon batek bere emaztea tiroz hil eta gero bere buruaz beste egin du Senperen
85 urteko gizon batek ustez bere emazteri tiro egin ondoren bere buruaz beste egin zuen. Gorpuak ostiralean atzeman zituzten Senperen zuten etxean, baina ez da zehaztu bien heriotza noiz gertatu zen.
Idoia ERASO | SENPERE
Hildakoen auzokoen dei bati erantzunez jendarmeak ezbeharra gertatu zen etxera hurbildu ziren. Leihoak irekita zeuden, telebista piztuta eta txakurrak etengabe zaunka ari ziren. Jendarmeek emadako informazioaren arabera, 85 urteko gizonak eskopeta hartu eta 42 urteko bere emazteari sabelean tiro egin ondoren, eskopeta bere buruaz beste egiteko baliatu zuen. Dirudienez, emakumearen maletak garajean aurkitu zituzten.
Bikotea ez zen Senperen bizi, nahiz eta gizona sarritan etortzen zen aste batzuk pasatzera eta bertako jendea ezagutzen zuen. Emaztea jatorriz senegaldarra zen eta hiru seme-alaba zituen. Senar-emazteak apirilaren 28an ezkondu ziren eta, auzokoen esanetan, sarritan elkarri garrasika aritzen ziren.
Jendarmeriaren ustez, bi pertsonak astelehena eta osteguna bitartean hil ziren, baina oraindik ez dute zehaztu gertaera noiz jazo zen. Senpereko Urguri auzoan gertatu zen ezbeharra.
Erreakzioak
Senpereko auzapezorde Dominique Idiartek gertatutakoa salatu zuen: «Ezin onartuzkoak dira gauza horiek. Horrelako bortizkeriara ez gaude usatuak Senperen, baina gure gizartean maluruski gertatzen dira».
Bortizkeria Sexistaren Kontrako Kolektibo Feministako kide Amaia Fontangek honela mintzatu zuen: «Berriz ere krimen sexista bat dugu Euskal Herrian. Ez da lehena; maluruski ez da azkena izanen. Aspalditik erraten dugu gizon eta emazteen arteko harremanak aldatu behar direla, horrelakoak gerta ez daitezen». Kolektiboak hilketa hau salatzeko elkarretaratzera deituko duela ere jakinarazi zuen Fontangek: «Jende biltze bat eginen dugu jendea krimen sexista hau salatzera deitzeko».