GARA > Idatzia > Euskal Herria

Akademia Ikuskaritzaren aldaketak hitzarmenik gabe utzi du Seaskak

p015_f02.jpg

GARA | KANBO

Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak Akademia Ikuskaritzaren jarrera aldaketak hitzarmenik gabe utzi duela salatu du. Euskararen Erakunde Publikoaren bitartekaritzaren laguntzarekin joan den irailetik negoziatzen ari ziren hitzarmena aldatu duela salatu du Seaskak: «Bat-bateko jarrera aldaketa dela medio, testu berri bat proposatu du bere baitarik ikuskatzaileak, hainbat hilabetez pazientzia handiarekin egin lana, beheko errekara botaz», adierazi du Seaskak igorri duen komunikatuan.

Joan den larunbatean, Kanbon Ikastolen Kontseilua osatu zen Seaskaren parte diren 29 hezkuntza zentroen ordezkariekin. «Ikastolen Kontseiluak Euskararen Erakunde Publikoko arduradunei, Euskal Herriko parlamentariei dei egiten die, Seaska eta Akademiako agintarien arteko harremanen usteltzea geldi dadin, eta Hezkunde Ministerioak bere misioari erantzun diezaion, 2012-2013ko ikasturte hasiera denendako baldintzarik hoberenetan iragan dadin».

Izan ere, Ikastolen Federazioak salatu nahi du uztailaren hasieran egonik ere, ez dutela jaso hurrengo ikasturteko Lehen Hezkuntzako irakasle lanpostuei buruzko daturik.

Etengabeko garapenean dagoen Ikastolen Federazioak hurrengo ikasturtearen hasieran 3.000 ikasle izango dituela aurreikusten du. Baieztatua izan ez bada ere, Seaskak beti izan duen determinazioari esker heldu den ikasturterako irakasleen lanpostuen kopurua handitzea lortu dutela azpimarratu nahi izan zuen.

2009. urtean sinatu zen hiru urteko hitzarmena ekainean bukatu zen. Seaskaren hitzetan, hitzarmen hori ordezkatuko zuen akordio berria sinatzeko azken detaileak besterik ez ziren falta. 2011ko irailean hasi ziren hori negoziatzen hiru partaideak. «Hamar bilkura baino gehiago egin ondoren, akordioak berehalakoa zirudien. Alta, Ikuskaritzak testu berri bat proposatu du», salatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo