Xabier Izaga Kazetaria
Martetar erretxin baten gogoeta konplexuz beteak
Urte txarrak izan ditugu azken hauek, baina amaitu dira hersturak. Joan den igandean, gaueko hamar eta erdietan, hasi zen susperraldi ekonomikoa eta hurrengo egunetan ere gorantz jarraituko du ziztu bizian. Duela bi urtetsu Hegoafrikan irabazitakoa beharrezko arnasaldia izan genuen, baina sozialistek edo, hobeto esan, Zapaterok alferrik galtzen utzi zuen aukera, politika boltxebikeak ezarrita. Oraingoan, ordea, bukatu da estualdia.
Beharbada, baten batek honezkero erreparatu die lerroon ironiari. Baita asmatu ere. Nik ez nuen «la Roja»-k irabazterik nahi, «konplexudun» hutsa naiz-eta, Jose Antonio Pastor ez bezala eta Iñigo Urkullu ez bezala. Urkulluk onenak irabaztea nahi zuen, eta horixe zen nik nahi ez nuena. Konplexuz beteta nago, bai, batez ere Espainiako kirol selekzioei dagokienez. Eta horren zergatia nabarmena bada ere, azaldu egingo dut. Konplexuz beteta nago Euskal Herriko selekzioa, Eurokopan eta lehiaketa handietan izandako atarramentua ikusita, hutsaren hurrengoa delako, batik bat Espainiakoaren eta Frantziakoaren aldean. Konplexuz beteta nago eta, gainera, Pedro Jotaren kazetak bere editorialean zioen moduan, beldur diot futbolari, batez ere Espainiak jokatzen duenean, futbola «separatismoaren aurkako antidoto ona» da-eta. Nik ez dut separatismoaren aurkako antidotorik nahi, beste batzuek «Espainiaren batasunaren» aurkakorik nahi ez duten era berean eta, nire uste tolesgabean, eskubide berarekin. Munduko herritarra izan beharrean, Martekoa bainaiz. Eta Eurokopako finala munduko herritarren selekzio hori-gorriak irabazi zuen igandean.
Ez nuen onenak irabazterik nahi eta onenak irabazi zuen. Edonola ere, baldin Espainiako selekzioak hurrengo Eurokopako final laurdenetan Euskal Herrikoari gailentzeko aukera izango balu, onenak irabaztea nahiago nuke Euskal Herrikoa onena izatea baino.