Mikel Ibarguren Idazlea
«Bide barrijak»
Bide guztiak Erromara joaten badira, gure bidearen luzeak konponbiderantz behar duMunduak Gernika suntsituaren berri izan behar zuen eta horretan ari zela hartu zuten atxilo Estepan Urkiaga kazetari eta poeta. Bi hilabete geroago, «goiz eder onetan erail bear nabe» idatzi zuen, Gasteizen fusilatu aurretik. Berari esker daki munduak Gernikan jazotakoa, berari esker dauka Gernikak lekua munduan; baina munduak ez du ezagutzen poeta, Garcia Lorca bat ezagutzen den legez; haatik, eta, diferentziak diferentzia (eta konparazioak arriskutsuak direla kontuan hartuz), Lauaxeta gure Lorca dela esango nuke. Gerra osteko literaturatik gaurdaino ezinbesteko erreferentzia bilakatu baita bere figura.
Egun, Lauaxetaren lehen liburuaren izenburua adiera ederra egiten zaigu bizi ditugun garai politiko, sozioekonomiko nahiz kulturalak deskribatzeko orduan. Inolako zalantzarik gabe, bide berrien aitzinean gaude eta lehenago edo geroago guztiari zein guztioi eragingo digula garbi da. Aldabidean da mundua bera eta Euskal Herrian ere aldaketa haizea dabil han-hemenka. Ikusmolde zaharra hautsi eta, apurka, berri bat eraikitzen doa. Pertzepzioak aldatuz doaz. Gauza bera egin nahi zuen Lauaxetak literaturarekin. Aberrigintza egiteko modua zuen literatura. «Dena emon bear yako matte dan azkatasunari». Eta askatasunaren aldeko borrokak bide berriak hartu dituen honetan, galtzeko arriskuak egon litezke, baina norabidea garbi edukiz gero, irtenbidea ere hor nonbait egoten da. Oraindik ez dira sasibideak amaitu, ez eta bidegurutzeen gurutzebideak ere, baina lasterbideak ez dira inoiz onak izaten eta aurrerabidea hartuta geure helburuen atzetik egin beste biderik ez dago.
«Bide barrijak» ditugu honakoak, nahiz eta betikoek betikoa betikotu nahi duten. Itxuraz, ez ziren Grezia zaharreko sofista guztiak hil, oraindik ere endredatu nahian baitabiltza ingurumariotan. Hala, printzipio demokratikodun joko-arau demokrati- koen maizterrek asmatu dute sofisma berria: orain legalak gara, baina ez demokratak. Nonbait, demokraziaren esklabo nahi gaituzte eta ez demokraziaren jabe. Behe lainopean, nora ezean nahi gaituzte, era arestiarrean esanda, kamuflaturik dabiltzan badaezpadako faxista horiek. Baina gu bide berrietan barna joango gara, beste poeta batek zioen legez, sasi zikinak behingoz erreta, bide on bat aukeratuz.
75 urte bete dira Estepan Urkiaga gudaria fusilatu zutela eta, nolabait, Lauaxeta poeta sortu zela. Fusilatu aurretik erantzi zuen gabardina ikusteko aukera izan dugu duela gutxi, oroigarri baliotsu gisa, Literaturiako plazan. Aldartez, aberkoi eta fededun sutsu agertzen bada ere, bestetan, ahul sentitzen da poeta; gogoa arin du; arratsari, itsas urdinari, ametsari beha dago, ispilua bailitzan amets hori apurtu zioten arte. Lauaxetaren lumak etengabe ematen zion forma bere ametsari. Ez dakit bere ametsa gauzatzeko gai izango garenetz; baina ibili dabilen herriari ez omen zaio goroldiorik ateratzen eta abian den herriak pausoz pauso egin beharko du bere bidea. Urrats txikienarekin hasten baitira amets handienak lortzen.
Bide guztiak Erromara joaten badira, gure bidearen luzeak konponbiderantz behar du.
Bide berriak ditu bideratuko gure betiko arrazoibideak.