GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Dantzaz konpainiaren bidaia-koadernoa

Dantzariak lan merkatura proiektatzeko zentro gisa definitzen du Dantzaz konpainia Fernando Saez de Ugarte zuzendari berriak.  Egoitza Martutenen duen talde profesional horretan, etengabe ikasten ari diren hamar pertsonarentzako tokia dago eta, aurten, urtero bezala, erdiek beste konpainia batzuetara emango dute saltoa, berriek sartzeko aukera izan dezaten.

p053_f01.jpg

Testua eta argazkiak: Fernando SAEZ DE UGARTE

Nolakoa da dantza konpainia baten bira barrutik? Poloniako Poznan Dance festibalean izan da Dantzaz konpainia ekainaren bukaeran, eta egunkari hau idatzi nuen bertan negoela, gertatutakoak ez ahazteko eta zuek ere gure pasadizo eta ustekabeak ezagutzeko.

Ekainak 23, larunbata: Poznanerako bidaia!

Azkenean, Barajasen gaude. Polita da hain jende gaztearekin aritzea: energia izugarria daukate, gogoa, ametsak... Ez du ematen izugarrizko dantzariak direla. Oso umilak dira, batzuetan zalapartatsuak (gazte guztiak bezala), baina bihotz onekoak. Ez dute catering-ik eskatzen, ez dute gutizia handirik. Oso lauak eta atseginak dira. Eta eskertzekoa da. Low cost konpainia batekin bidaiatzeak nekea dakar. Hegazkinean sartzeko atea aldatu digute, eta artaldea bagina bezala, batetik bestera gabiltza. Irribarrea ez dugu galtzen, eta oso giro polita dago: Poloniara goaz! Eta hegazkina mugitzen hasi da. Poznango Dantza Festibala benetan garrantzi handikoa da, eta aurten Itzik Galili-ren koreografiak dauzkaten konpainiak aukeratu dituzte, gurea barne. Gure aurtengo programa, «Arte-An», izugarrizko arrakasta izaten ari da leku guztietan eta espero dugu Poznanen gauza bera gertatzea. Poznanen gaude, oso hiri polita, unibertsitateduna, historia handikoa, kulturala... Hala ere, nabaritzen da futboleko Eurokopa hemendik pasatu dela: oraindik fanzone edo zaleentzako gune erraldoia muntatuta dago, eta egunero kontzertuak, pantaila handiak futbola ikusteko, txosnak... aurki ditzakezu bertan. Hiriko erdigune osoa okupatzen du fanzone honek, eta oso zaratatsua da. Gu udaletxeko plazara goaz, lasaitasun pixka baten bila. Momentuz futbola ari da irabazten. Baina biharko partiduan, dantza izanen da irabazlea, zalantzarik gabe!

Ekainak 24, igandea: Gure eguna! «Stand innovation» edo «standing ovation»?

Goizeko bostak dira eta esna nago. Nabaritzen da ekialdean gaudela, eguzkia oso goiz jaikitzen da eta! Luzea izanen da eguna: 7.00etan teknikariak hasiko dira muntaketan. Eramaten dugun argi-diseinua konplikatua da, baina merezi du: emaitza mundiala da. Antzokia utzi eta banoa lan egitera hotelera. Datorren urteko proiektuari buruzko hainbat gauza ixteko, zuzendari artistikoarekin, Adriana Pous-ekin, biltzen naiz. 14.30ean dantzariak antzokian daude. Beti bezala, eguneroko klasea: dantza fundamentuak mantendu eta landu behar dira, eta gorputzak eta mugimenduak behin eta berriro landu behar dira.

Egunero zortzi ordu dantzan aritzea ez da makala. Dantzari peto-petoa izan behar zara gure koreografiak dantzatzeko, eta konpainia osoak puntu-puntuan egon behar du. Horretan Adriana maisua da. Emanaldiaren ordua heltzear dago, eta urduri gaude antzokiaren sarreran. Jacek Przybylowicz gurekin dago. Bera festibalaren zuzendaria eta koreografo izugarria da (bihar saiatuko gara berarekin koreografia bat ixten).

Eta emanaldia hasi da. Bukatzean, jendea txaloka hasi da, eta zutitu da! (Polonian ez da ohikoa). Agur pilo bat egin eta teloia itxi da. Hala ere, publikoak berriro irekitzeko eskatzen du, eta esku-zarta izugarria eskaini dio konpainiari. Hau da hau! Jacek-ek harrera bat prestatu du antzokiko foyer-ean emanaldia bukatu eta gero. Bertan kritikoak, beste konpainiako zuzendariak, akademietako maisuak... ezagutu ditugu, eta guztiok horrela esan digute: «Ze energia!», «ze freskotasuna!», «izugarria!». Jacek-ek dio festibaleko izarrak garela, publikoz bete dugula antzokia, gustatuko litzaiokeela gureak bezalako dantzariak izatea bere konpainian... Eta nik standing ovation (zutik egindako txalo zaparrada) esaten duenean, stand innovation ulertzen diot une batez. Eta (hori beste kontu bat da) gogoratu naiz egiten ari garen proiektuaz, berrikuntza, komunitatea eta dantza biltzeko. Kudeatzailea beti kudeatzen!

Ekainak 25, astelehena: Hau da hau koreografo puska!

Seiak laurden gutxitan, esna! Burua ideiaz beteta daukat. Idatzi behar dut. Nire «Moleskine» hartu eta ideia batzuk paperean kokatzen hasi naiz. Gaur bildu behar dugu Jacek Pryzybylowicz-ekin berriro (hau abizena!) Lehenik eta behin, dantzariekin saio bat egingo du, ezagutzeko. Koreografia bat «erosi» nahi diogu datorren estreinaldirako, eta horretarako, koreografoak konpainia ezagutu behar du. Lehenengo minututik konexioa egiten da. Jacek oso tipo altua da, ia bi metrokoa. Hau da hau gizon puska! Entsegua bukatzean, nire txanda heldu da. Adostu behar dugu prezioa, eskubideen iraupena, egutegia. Jacek oso atsegina da, berehala adostu dugu guztia. Hala ere, hitz jarioa da! Ingelesez, baina poloniar erara, ez digu atsedenik ematen. Bere bizitza profesionala, beste konpainiekiko harremanak, dantza, gure dantzariak (liluratuta dago!).

Azkenean, 18.30ean, eta bazkaldu gabe, lortu dugu hotelera ailegatzea. Denbora gutxi daukagu aldatzeko eta antzokira joateko. Gaur ikusiko dugu Poznan Dance Theatre, hiriko beste dantza konpainia. Antzokiko sarreran, hau ezuste polita! Gure dantzari bati kontratua luzatu diote gaurko konpainian aritzeko datorren denboraldian! Eta bukatzean, surrealismoa: Poznan Dance Theatre (gaur dantza egin dutenak) konpainiako dantzari batzuek eskatu digute gure konpainian sartzeko. Guk azaldu diegu bidea kontrakoa dela, guretik haienera joatekoa, baina ez dute ezer ulertu. Ezta guk ere. Zerbait oso ongi egiten ari omen gara! Baina pentsakor ari naiz gau osoan zehar: ongi komunikatzen ari al gara?

Ekainak 26, asteartea: Hiria!

Bai, bai, gaur ere ordu berberean esnatu naiz. Intentsitateak, goizeko argiarekin nahastuta, honelako emaitzak ematen ditu! Eta gaur, ohitura ez galtzeko, bilerak egingo ditut! Teknikariekin hainbat gauza zehaztu beharko dugu, datorren ekoizpenarekin hasteko. Estreinaldia: 2013ko maiatzaren 18an. Badugu tartetxo bat hiria bisitatzeko. Udaletxeko plaza benetan polita da, eta terraza batean gelditu gara bazkaltzen. Eta gero, hirian zehar bueltatxo bat egin dugu. Hotza eta euria, baina hala eta guztiz ere, hiria oso atsegina da. Aireporturako bidea hartu dugu, autobusa dator gure bila. Aurpegiak erabat aldatu dira: leher eginda gaude! Terminalean, guztiak etzan dira lurrean, elkartuta. Oso irudi polita da. Benetan pribilegiatua naiz. Hegazkinean sartu eta begiak itxi ditut. Marokoko zoko batean bagina bezala sentitzen naiz, megafoniatik denetarik eskaintzen diguten bitartean. Lokartuko al naiz azkenean?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo