Udate
Bisitari gutxiago eta giro ezin aberatsagoarekin itxi dute EHZ
Balorazio orokor baikorrarekin itxi dute EH Zuzenean jaialdia. «Ukaezina da aurten beherakada bizi izan dugula -14.500 bisitari izan dira- eta gogoeta abiatu beharko dugu zerk eragin duen zehazteko» diote antolatzaileek, «baina animazio, eztabaida eta kontzertuak giro bikainean iragan dira» eta pozik dira. Ondoko urteei begira, «ildo beretik segitzeko xedea dugu».
Anartz BILBAO | HELETA
Bisitarientzako finitua, desmuntaketan da orain EHZ. «Gogorra izaten da, muntaketan jende aunitz ginen, baina desmuntaketan gutti gelditzen gara... eta jada akituta gaude», aitortu zuten igandean antolatzaileek. Pozik ziren baina, 17. edizioko bilana edo balantzea egiterakoan.
Elkarteko lehendakariak, Eneko Etxegaraik, balorazioa egin baino lehen, eskerrak eman zizkion Heletari, «hiru egun zoragarri hauek pasatzeko aukera emateagatik». Eta pozik zen herriko auzapez Philippe Etxepare ere. «Laugarren urtez dugu herrian EHZ, eta denok ongi pasatzen dugu». Aurten jende gutxiago izan arren, «izugarri ontsa joan da dena». Segurtasunari dagokionez, arazorik gabe; ekonomia mailan ere bistan da ona dela EHZ herriko ostatu, merkatu ttipi eta abarrentzat; eta kultura mailan zer esanik ez -aurrenekoz jokatu den artzain txakur lehiaketa aipatu zuen-. «Gazte hauek herrian egiten duten lana agurtu behar da», onartu zuen Etxeparek, jaialdia beste hiru urtez Heletan izango zela berretsi baino lehen; «elkarlana dugu».
«Aurten 14.500 festibalari izan dira, hiru egunetara Heletaraino etorri diren pertsonak» hasi zuen bilana Etxegaraik. «Aurreko urtearekin konparatuta beherakada izan dugu. Arrazoiak anitz izango dira, aztertuko ditugu hurrengo urtean konpontzeko. Eguraldia izango da lehena»; larunbatean euria izan zen, eta igandean ateri baina arriskuan. «Hala ere 14.500 pertsona ez dira beldurtu, egon dira euriarekin lohian». Eta puntu beltza gaindituta, beste guztia positibo. «Muntaketatik hasita, ez dugu inolako arazorik izan, segurtasun aldetik izugarri ondo pasa da festibala; giro aldetik ere guztiek biziki ongi sentitu dugu eta jendea pozik atera da kontzertuetatik, animazio guztietatik».
«Adin eta Euskal Herri guztietako 700 laguntzaile izan ditugu EHZ posible egiten, guretzat biziki garrantzitsua dena. Gainera, plazer handia izan dugu belaunaldi berri bat ikusi dugula lanean, 17 urteren bueltakoa», nabarmendu zuen Etxegaraik. «Laguntzaileek egiten dute gure indarra. Festibala beraien tamainakoa da eta beraiekin segituko dugu beste urte luzez».
«Egunean zehar ikusten denak erakusten du gure egitasmoak bere erroak hartzen dituela, zinez gune aberats bat dela. Topaketa bat da non jendea biziki parte hartzailea den -beste festibaletatik ezberdintzen gaituena-», eguneko animazioen arduradun Maika Lapoubleren aburuz. «Sortu dira gure elkartearen baloreak erakusten dituen giro ezberdinak; gure elkartasuna. Jende gutxiago izan bada ere, izango gara, azkarrago. Gure proiektua aitzinera doa».
Japoniarra, euskaraz
Gauez Joanes Garcia mintzatu zen; «gogoeta egin beharko dugu, beti da hobetzeko; baina kontu positibo anitz izan ditugu, kontzertu guztietan jendea bazen eta kalitatezko saio andana izan dugu. Azpimarratzekoa da estilo aniztasuna ere, baita euskal eszena aitzinera eramatea ere».
Gainera, «heletaratzen» diren artisten artean hurbiltasuna lortzen da zenbaitetan, «eta kontent gara». Miyavi japoniarra esaterako -sekulako arrakasta erdietsi zuen ostiralean-, «bezperarekin etorri zen, gure festibalarekin bat egin eta euskaraz ere egin ditu hitz batzuk» -antolatzaileekin gaua parrandan ibili eta gero-. Youssouphak ere, larunbatean, «festa berpiztu zuen, euria zen-eta. Gure borrokak ulertu ditu eta gurekin bat egin du; ongi hitz egiten du Euskal Herriaren edo gurekin ez diren laguntzaileen alde».
Bilana ez zen bukatu gogoeta gunea aipatu gabe. Elkarteko komunikazio arduradun Izarne Molinak adierazi zuenez, larunbatean 160 lagunetik gora batu ziren bertara. «Gogoetak inportantzia anitz du festibalean. Eskaera bat bezala jaso dugu parte hartzea, beharra sentitzen da eta gogoa badela esan nahi du».
Izan ere, Idauze-Mendi utzi zutenetik, aurten berreskuratu du gogoeta gunea Euskal Herria Zuzenean jaialdiak.
«Gazte hauek herrian egiten duten lanan agurtu behar da», onartu zuen herriko auzapeza, Philippe Etxeparek, jaialdia beste hiru urtez Heletan izango zela berretsi baino lehen; «elkarlana dugu».