Udate
Giro elektronikoak nagusitu dira Heletan
Koldo OTAMENDI
Amaitu da Euskal Herrian Zuzenean festibalaren 17. edizioa. Aurreko urteetan baino ikusle gutxiago izan dira aurtengoan, nahiz eta zifrek politak izaten jarraitzen duten oraindik. Larunbateko eguraldi kaskarra edo afixa osatzen zuten musika taldeen ekarpen maila izan daitezke beherakada horren arrazoi. Musikalki, egitarau anitza eskaintzen du EHZk, eta horrek, musika perfil ezberdineko ikusleak erakartzen ditu. Musika eskaintza anitza da jaialdiaren izaeraren puntu bat, musika era zehatz batera mugatu baino, mila kolore emanez jaialdiari. Horrek, alta, ikusleria ere mugatzen du, musika era soil bat jarraitzen duten musikazaleen presentzia mugatuz.
Aurtengoan, Sepultura eta Public Enemy ziren egitarauaren talde izarrak, eta hutsik egin ez badute ere, nabaria da bi taldeen urrezko aroa aspaldi pasa zela. Finean, musikan ere modak jarraitzen dira, eta azken tendentzia diren taldeak dira publikoa mugiarazten dutenak. Baina horrek, ekonomikoki esfortzu handia eskaintzen du, eta herritik sorturiko EHZ bezalako jaialdi batentzat, ez da erraza.
Alta, 60 musika talde programatzen dituen festibal batean, musika egitasmo berriak ezagutzeko aukera ederra ere bada, agian, biharko egunean ezagun bilakatuko diren bandak gaur ezagutuz. Arrakastatsuak izan ziren Miyavi japoniar bikoaren emanaldia, South Central disko jartzaileen saio basatia, Youssuoupharen hip hopa eta Gojiraren metal ekaitza, esaterako. Gainera, EHZ jaialdiaren antolatzaileek euskal musika eszenaren alde egiten duten apustua eskertzekoa da zinez. Ez da batere ohikoa euskal taldeen presentzia gisa horretako jaialdietan, are gutxiago ordutegi onetan, askotan, nazio mailako taldeak ekartzen direlarik, nahiz eta bertakoan mailara ez iritsi. Esne Beltza, Cobra, Lisabö, Su Ta Gar edo Matxuraren emanaldiak maila handikoak izan ziren, eta gurean bidea egiten ari diren talde berriak ezagutzeko aukera ere izan genuen.
Finean, bildu den ikusle kopurua alde batera utzita, bikaina izan da EHZ festibala; kontzertuez gain, musikatik haratago doazen hamaika ekimen eta ekitaldik hiru egunez bizia ematen baitiote jaialdiarentzako kokagune ederra den Heleta herriari, bai eta Euskal Herriari ere.