Orioko Bisiguaren Festa: lanabes xumeekin egindako maisulanak
Bisiguaren Festaren bosgarren edizioa eginen dute Orion uztailaren 19tik 22ra. Bertan, Joxe Miel Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterola parrilleroek bostehun bisigu erreko dituzte Orioko erara; hots, «besugerarik» gabe, arrainak zabaldu eta parrillara botata. Herritarrekin elkarlanean antolatutako jai honetan, plazako otorduaz gain, hainbat ekitaldi osagarri izanen dira gozagarri; horien artean, pintxo txikiteoa, hegaluze dastatzea eta bisigu lehiaketa.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Aperitibo moduan, jaia nolakoa izanen den pixka bat ikusteko, aurkezpen berezia egin zuten atzo Donostiako portuko lonjan. Uztailaren 19tik 22ra ospatuko den Bisiguaren Festan 500 bisigu erreko dituzten hiru parrilleroak -Katxina jatetxeko Joxe Miel Zendoiak, Xixarioko Luis Mari Urangak eta Joxe Mari erretegiko Mikel Manterolak- beren saltsan ikusteko aukera izan genuen hurbildu ginenek, baita txakolinarekin lagunduta prestatutakoa dastatzekoa ere.
Txingar hots eta usain goxotan eman zituzten Beñat Solabarrieta alkateak eta parrilleroek bestaren inguruko azalpenak, Jokin Diaz eta Joxe Mari Aizega Lakuako Gobernuko Arrantza eta Akuikulturako eta Basque Culinary Centerreko zuzendariekin batera. Solabarrietak adierazi zuenez, beren helburua oriotarren eta bisitari guztien esku egonen den proposamen gastronomiko bat egitea da, eta gainera, herriko eragile ugarirekin elkarlanean antolatu dituzten ekitaldiekin aisialdirako aukera ematea. Hiru parrilleroei eskerrak eman zizkien, bost edizioetan Bisigu Festari eskainitako fideltasunagatik.
Hiruren izenean, Zendoiak jaia goraipatu zuen. «Orion aspaldikoa da bisigua erretzeko ohitura, eta inguruko herrietatik jende asko etortzen da gure jatetxeetara arrain hau jatera. Horri eustea garrantzitsua da eta Bisiguaren Festak bultzada handia ematen dio».
Txartelak salgai daude
Bisigua izanen da bestako izarra, eta otordu ederra egiteko aukera izanen da uztailaren 22an, igandean, Orioko plazan. Bost platerek osatuko dute menua: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, zainzuriak, bisigua parrillan eta postrea. Menuan sartuko dira edaria eta kafea. Txartelak 943 83 09 04 telefono zenbakian erosten ahal dira, 10.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 18.00etara. 45 euro balio dute.
Otordu honetaz aparte, egitarau bete-betea prestatu dute lau egunetarako. Tartean izanen dira Pintxo Zirkuitua, haurrek bisigua gai hartuta egindako marrazkien erakusketa, Giranice taldearen emanaldia eta bisiguaren bosgarren bandera.
BCCko zuzendariak parrilleroek txingar eta lanabes xumeekin egiten dutena maisulana dela nabarmendu zuen, eta Lakuako ordezkariak, aldiz, arrantzatik bizi diren langileen lana, bai itsasoan ibiltzen direnena bai lehorrekoena. Halako jaialdiak kostaldeko herrien kultura garatzeko eta tradizio hau gazteenei helarazteko garrantzitsuak direla azaldu zuen.