GARA > Idatzia > Kultura

Uraren garrantzia nabarmentzeko triatloiak Hondarribian, Garaion eta Gorlizen

Iris MURILLO | GASTEIZ

Udan bereziki preziatzen dugu uraren garrantzia. Eta horixe bera aprobetxatuz, Euskadiko Ur Agentziak (URA) lehenengo Uratloiak prestatu ditu, datorren larunbatean Hondarribian (Gipuzkoa), uztailaren 15ean Garaion (Araba) eta uztailaren 25ean Gorlizen (Bizkaia) ospatuko diren triatloiak.

Ur zirkuitu hauen bidez, uraren zainketa funtsezkoa dela azpimarratu nahi dute. Izan ere, «ur masak babestea -dio URAren Harreman eta Berrikuntzarako zuzendari Enrique Urrutiak- norbera eta bere ingurumena babestea da». Horretarako, euskal gizartea sentsibilizatzeko kirola eta ura batzea erabaki dute.

Uratloiak familia osoak parte hartzeko prestatutako kirol probak izango dira. Andres Novo URA agentziaren ordezkariak azaldu duenaren arabera, hiru kategoria izango dituzte; bat umeentzat, beste bat gazteentzat eta azkena, Open izenekoa, hemezortzi urtetik gorakoentzat. «Baldintza bakarra igerian egitea izango da», gogorarazi du Novok.

Guztira, hiru txapelketa izango dira euskal eremu hidrikoko toki nabarmenetan egingo direnak: Hondarribiko itsasoan, Gorlizeko badian eta Garaioko urtegian, hain zuzen. Horregatik, Urrutiaren ustez, «ikusteko ere oso politak izango dira».

Izena emateko epea zabalik dago jadanik. Parte hartzaileek Interneten bidez zein egunean bertan eman dezakete. Uratloian parte hartzeko hiru euro ordaindu behar dira. Ekarpen txiki horrekin kirol asegurua ordaindu ez ezik, El Salvador-reko Pnud-Art ekimenak eta Euskadiko Uraren Agentziak Torola ibaiaren arroan baliabide hidrikoaren kudeaketa hobetzeko hitzartutako lankidetza proiektua sustatu ere egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo