GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elkarretaratzeak izanen dira gaur Euskal Herri osoan, Senperen izan zen hilketa sexista salatzeko

p014_f02.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Joan den ostiralean senar-emazte batzuen gorpuak atzeman zituzten Senpereko etxe batean. Ustez, gizonak emaztea hil zuen azken hau maletak hartuta etxetik alde egitear zenean, eta ondoren bere buruaz beste egin zuen senarrak. Hilketa sexista salatzeko elkarretaratzeak antolatuak dira gaur Euskal Herri osoan.

Bortizkeria Sexistaren Kontrako Kolektibo Feministak elkarretaratzea deitu du arratsaldeko sei eta erdietan Senpereko Herriko Etxearen aitzinean. Altxa Neskatxa elkarte feministak eta Emakumeon Mundu Martxako Plataformak bat egin dute deialdiarekin.

Azken honek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta beste hainbat herri eta hiritan ere elkarretaratzera deitu du ohiko tokietan. Bilbon Arriaga plazan eginen da arratsaldeko zazpi eta erdietan eta Donostian ordu berean Bulebarrean. Zortzietan izanen da Iruñeko Udaletxe plazan eta Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan.

Binta Keita zuen izena

Binta Keita zuen izena hildako emakumeak. Jatorri senegaldarrekoa izanik 20 urte ziren Bordele aldean bizi zela. 42 urteko emakumeak hiru seme alaba zeuzkan. Apiriletik bere senarra zen Robert Roquebertek 85 urte zeuzkan eta jubilatua zegoen antikuario bat zen. Emakumearen gorpua logela batean aurkitu zuten eta senarrarena aldiz beheko pisuan aurkitu zuten jendarmeek.