GARA > Idatzia > Kultura

ZERUA eta INFERNUA

«Berlinen gehien errespetatzen den ibilgailua bizikleta da»

p050_f02.jpg

Josebe Iturrioz

Aktibista feminista

Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978) berdintasun teknikaria da Tolosan. Bere lagun eta ahizpekin batera Medeak taldeko kidea da eta, gainera, hainbat sare feminista eta transfeministatan ere parte hartzen du. Azkenaldian, «Ni más ni menos» ETBko telebista saioan ikusi izan dugu.

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Gay harrotasunaren jaia prestatzen aurkitu dugu Josebe Iturrioz, sexualitate askearen alde kalean ahotsa altxatzeko prest. Donostiako kaleak aldarrikapen oihuez bete zituen beste behin.

Zein da, zure ustez, oporraldi bat pasatzeko tokirik aproposena?

Mila toki etortzen zaizkit burura, munduan toki zoragarri asko daudelako eta mila lekutara egingo nuelako ihes oraintxe bertan. Bat aukeratu behar badut, Berlin da etortzen zaidan lehenengo izena. Orain dela bi urte han egon nintzen lagunekin eta primeran pasa nuen.

Zergatik Berlin?

Berlin bezalako hiri batek gauza asko eskain ditzake. Museoak oso onak dira, han daude mundu osoko bitxiak. Arte egiptoarraren bildumarik politena dute. Eta bere historia, zein interesgarria! Ez dakit zenbat tour egin nituen... zein onak diren bisita gidatuak egiten dituzten gazteak.

Zer sartu behar da maletan derrigorrez?

Negua bada, beroki on bat, bestela, oinetako pare on bat hiria oinez ezagutzeko. Azkenik, ahal bada, bizikleta bat, Berlinen denak bizikletan mugitzen baitira. Hemen ez bezala, bizikletek dute lehentasuna, autoek argi dute hori. Ibilgailu maitatuena eta gehien errespetatzen dena bizikleta da.

Zer ikus daiteke Berlinen?

Toki asko daude. Hasteko, Brandenburgo atea ikus daiteke. Bertatik abiatzen dira bisita gidatu guztiak. Berlingo maparik onenak han oparitzen dituzte. Lehenengo bisita, gainera, doan da dirua ez dutenentzat, eta dutenek, nahi dutena ordaintzen dute. Nazien historia kontatzen duen bisita gomendatzen dut bereziki.

Tiergarden-en, hiri erdian (Mitte auzoan) dagoen gune berde zoragarri batean, bazkaldu edo eguzkia har daiteke. Niri, etxe okupatuak gustatu zitzaizkidan bereziki, eta han antolatzen dituzten festak.

Berlinekin konparatuta, zein leku ez zaizu batere gustatu?

Valladolid. Aste Santu batean han egon nintzen, eta oso gogorra izan zen niretzat. Jendeak oso gaizki begiratzen ninduen. Ondo jaten da, baina giroa ez zitzaidan gustatu, ez zitzaidan sanoa iruditu, «fatxosoegia» iruditu zitzaidan.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo