GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Etxe kaleratzeak, gero eta egoera larriagoa

Krisi ekonomikoa hasi zenetik, ia 9.000 lagunek galdu dute beren etxebizitza Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. EAEko Auzitegi Nagusiko datuen arabera, aurten, 2012ko lehen hiru hilabeteetan bakarrik, ia 1.000 kaleratze izan dira, iazko denboraldi berean baino %10 gehiago. Lagun horien egoera, azken datuek erakusten dutenez, gero eta larriagoa da, gero eta eskandalagarriagoa. Bizkai eta Gipuzkoako Stop Desahucios taldeek salatu dutenez, hipoteka ordaindu ezin dutenen egoera konpontzeko administrazioen prestutasuna sumatu dute, baina Kutxabanken jarrera zorrotza oztopo gaindiezina omen da. Jarrera hori Kutxabankek jendaurrean agertzen duenaren oso bestelakoa da. Joan den maiatzean, Gasteizko Gobernuak hipoteka ordaindu ezin dutenei laguntzeko planarekin bat egin omen zuen, eta irtenbideak bilatzeko plan bat iragarri zuen; hala ere, orain arte bederen, irtenbideak bilatu beharrean, haren propaganda ugaria gorabehera, egoera larriagotu baino ez du egin. Esan bezala, eskandalagarria da, are gehiago, etxebizitza pertsona guztien eskubidea omen den gizarte batean. Izan ere, etxerik gabe, lanik gabe geratu direnek, gero eta zerbitzu publiko murritzagoak dituztenek... ondo asko dakite pertsona guztien eskubideek botere eta arduradun ekonomikoentzat norainoko garrantzia duten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo