Amets TXURRUKA Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
Joera berrien erakustoki
Frantziako Tourra, txirrindularitzako urteko hitzordurik garrantzitsuena izateaz gain, etxe komertzialentzako publizitate erakustoki eraginkorrena ere bada. Badakite hori, ondo jakin ere, eta beraien produktu berriak erakutsi eta joera berriak munduan zehar errotzeko baliatzen dute lasterketa hau.
Euskal literaturan eta musikan Durangoko azokan aurkezten dira berrikuntza gehientsuenak; txirrindularitzan, berriz, Tourrean. Bizikleta modelo berriak, arropak, betaurrekoak, zapatilak, kaskoak... berrikuntza ugari ikusten dira Tourrean, baina azken horiek, kaskoak alegia, izan dira guri behintzat atentzioa gehien eman digutenak. Ez dakit erreparatu diezuen egun hauetan Rabobank eta Garmin taldeko txirrindulari batzuek erabili dituzten kaskoei. Orain arte darabilzkigun modeloetatik asko aldenduz, zesta-puntan jokatzeko erabiltzen diren itxurako kaskoak atera dituzte. Tropelkideon artean, gustuko-gustuko... ez dut uste inork dituenik, baina zeresana sortu dute inondik ere. Grazia dezente egin didana Michele Scarponiren esaldia, kaskook ikustean: «Guarda! Eccolo Calimero!! Ci é diventato ciclista!» (Begira! Hona hemen Kalimero! Txirrindulari bilakatu zaigu!).
Polita zein itsusia izan, ona zein txarra, zirku honetan erakusten den edozein produktuk merkatuan erantzuna izango duela ia segurua da. Eta txirrindulari taldeak babesten dituzten etxe komertzialek diru asko inbertitu arren, segurtatuta dute gaur egun horren erabilia den retorno hori. Alegia, diruz laguntzen dituzten taldeek egindako publizitatearen ondorioz beraien salmentetan jasoko dituzten irabaziak.
Gaurko etapa ikusteko betarik baduzue, eta aspergarri xamar baldin badoa, denbora-pasa hortxe daukazue: «non dago Wally?» bilatzen hasi beharrean... «non dago Kalimero?» bila dezakezue. Ea aurkitzen duzuen eta zer irizten diozuen kasko berri honi.
Eta bukatzeko, aipatu gabe ezin utzi Sagan dohaintsuaren erakustaldia; Markelek zihoen bezala herentzian jaso dituen abileziak martxan jarriz zaletuoi beste etapa eder bat eskaini digu. Honek, joera berriak zein zaharrak alde batera utzita, bere estilo propioa duen korritzeko modua erakutsi digu. Mutil honek aro bat markatuko du txirrindularitzan!