ZIKLOTURISMOA Asteburu-pasa ederra Maule bilgune eta abiapuntu hartuta
Arrakastaz bete du beste ekitaldi bat Iratiko Tourrak
120 pertsona inguruk hartu zuten parte orotara ESAITek eta SAM kirol elkarteak antolatutako proban.
GARA | MAULE
ESAIT Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak eta SAM Sport Athletique Mauleonais kirol elkarteak antolatuta Iratiko Tourraren laugarren ekitaldia ospatu zen iragan asteburuan. Euskal Herria bere osotasunean kontuan izaten duen zikloturismo itzulia da Iratiko Tourra, eta Maule Zuberoako hiriburua izan da aurten ere parte hartu duten txirrindularien bilgunea.
Bi egunetan burutu da proba, eta aurreko ekitaldian bezalaxe, parte hartzaileei pizgarri bat eskaintzeko ibilbidearen zati txiki bat kronometratua izan da, itzuliari lehiakortasun puntu bat emanez. Beste kilometro guztiak martxa neutralizatuan egin zituen tropelak, ahalik eta txirrindulari kopuru handiena erakarri ahal izateko Iratiko Tourrera, ez soilik punta-puntako maila dutenak.
Larunbatean 80 kilometroko ibilbidea proposatu zuten antolatzaileek, eguraldiak ere lagundu zuen, eta jendearen erantzuna aparta izan zen. Guztira ehun bat txirrindulari bildu ziren Mauleko irteeran. Kasu honetan, zati kronometratua La Madalena mendateko igoera izan zen, eta bertan neurtu zituzten indarrak lehiaketan parte hartzeko prest azaldu ziren guztiek.
Igandean, aldiz, ibilbidea apur bat gogorragoa izan zen, 120 kilometro orotara, eta eguraldiak gainera okerrera egin zuen, txirrindularien lana are eta gehiago zailduz. Baldintza horiek ikusita, azkenean 60 bat pertsona izan ziren irteera hartzera animatu zirenak. Zati kronometratua Burdinkurutzetako igoeran kokatu zuten antolatzaileek bigarren egun horretan.
Irabazleak
Azkenean, bi egunetako denborak batuta, Iraitz Goñi arbizuarra izan zen sailkapen nagusiko lehen postua bereganatu zuena gizonezkoen mailan. Emakumezkoei dagokienez, berriz, Amaia Urkidi gasteiztarra izan zen denborarik onena lortu zuena. Aurten lehen aldiz martxan ipini den bikotekako mailan, azkenik, Katixa Arabolaza eta Imanol Haranburu izan ziren aurtengo bi irabazleak.
Antolatzaileek eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiete aurten ere Iratiko Tourrean parte hartzera animatu diren txirrindulari guztiei. Baita proba aurrera ateratzen lagundu duten pertsona denei ere. Hurrengo urtean berriz ere bertan izatea espero dute, eta aurten egon ez direnak urratsa ematea nahiko lukete.