KRONIKA | «ARRAUNEAN KONPONBIDEAN» EKIMENA ABIATU DA
Bake olatua abiarazi dute Gernikan euskal eta irlandar arraunlariek
Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko ekimenak ongi etorriak dira beti. Euskal ontzigintza eta nabigazioa ere proiektuaren parte badira, are eta gehiago. «Arraunean konponbidean» ekimena martxan jarri zen atzo Gernikan, eta, gure kostaldea zeharkatuz, Donostiara helduko da bihar, bakearen sinbolo diren bi euskal hiri olatuen bidez lotuz.
Mikel PASTOR
Uztaileko goiz eguzkitsua dugu Gernikan. Lasaitasuna nagusi da herriko kale gehienetan, Foruen plazan barne. Gurasoak gaztetxoen joko inozenteei begira daude. Bat-batean, erraietatik ateratako irrintzi lehor, indartsu batek isiltasuna hautsi du. Ostean, trikiti, pandero, gitarra eta biolin soinuen txanda da. Gernikarrak txundituta dira eguneroko monotonia apurtu duen ikuskizun deigarriari so: 25 arraunlari inguru dituzte aurrez aurre, zerura begira jarritako egurrezko arraunak eskuan. Albaola elkarteko kideak dira.
Prozesioa plazan sartzen den bitartean, bi aurpegi ezagun antzeman ditugu tripulazioko kideen artean ondo kamuflatuta: Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariak. Gainontzeko arraunlariek daramaten kamiseta urdin bera jantzita, arraun bana daramate lepoan. Arzallus, luze eta mehe; Egaña, bere zigarro klasikoa eskuan. Bai bata bai bestea aldarte bikainarekin agertu dira Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak arraunlariei egin dien harrera ofizialera.
Albaolako euskal arraunlariekin bat, Irlandatik iritsitako gizasemeak ere badira, 2003an gureek bertara egindako bisita itzultzeko asmoz etorriak. Bidaia horretan, Albaola eta Causeway Coast Maritime Heritage Society elkarteetako ontziek Irlandari itzulia eman zioten, Ipar Irlandako bake prozesua indartzeko ekimen gisa uhartea oso-osorik inguratuz. Atzo Gernikan hasitako bidaiak ere helburu berbera du, oraingoan baina Euskal Herrira ekarrita.
Gernikako alkateak eskerrak eman zizkien Ipar Irlandatik zein Pasaiatik heldutako arraunlariei, «bake eta giza eskubideen alde egiten den ekimen orok gernikarren babesa» duela gogoratuz. Gorroñok irlandarrei nabarmendu zienez, «adiskidetze eta baketze prozesuetan zuengatik asko daukagu ikasteko». Etorkizunean Gernikara itzultzeko gonbita ere luzatu zien Irlandatik heldutako arraunlariei: «Gure ateak zuentzat irekita egongo dira beti».
Itsasoa eta bakea ahoan
Ekitaldi ofiziala bukatu bezain laster, bertsolarien txanda heldu zen. Euren benetako ofizioa berreskuratuta, Amets Arzallus eta Andoni Egañak itsasoarekin eta bake prozesuarekin loturiko zenbait bertso bota zituzten, irlandarren harridura eraginez.
Arzallus eta Egaña ederki moldatu ziren, euren arteko konplizitateari zukua ateraz, eta zenbait bertso biribil josiz. Tartean, bihotzak leuntzeko zenbait pasarte, esaterako, Arzallusek botatako «handi galernak ta olatuak/ sortu dira azken finean/ ta itsasoa baretuko da/ herri hau libre denean», edota Egañaren «hainbeste urte aritu gara/ elementu guztien kontra/ aprobetxa dezagun une hau/ haizea alde dago ta».
Zarauztarrak eta hendaiarrak Gernikatik Donostiara itsasoz egingo den hiru eguneko zeharkaldian parte hartuko dute, eskifaiarekin bat arraunean arituko direlarik, beste guztiekin elkarlanean. Atzo gauean Bermeora heltzeko helburua zuten bi ontziek, arratsaldean Gernikatik irten eta Urdaibaitik behera eginez.
Gaurkoan Bermeotik goizean goiz irtengo dira, seiak aldera Getariara heltzeko. Bertan, erakundeek eta merkatariek harrera egingo diete, eta gaua Gipuzkoako kostaldeko herrian pasako dute. Donostiara bihar helduko dira, eguerdi partean; Juan Karlos Izagirre alkatearen udal gobernua euren zain egongo da. Ondoren Aieteko jauregira abiatuko dira. Aiete eta Gernika, bake prozesuaren bi sinbolo nagusiak, olatuen bidez lotuta geratuko dira.
Olatuetan historia landuz
Arraunlariak poteatzera joan ziren momentua Xabier Agote Albaolako presidentearekin hitz egiteko baliatu genuen. Prestu eta jator, elkartearen nondik norakoak azaldu zizkigun, zenbait pintzelada deigarri utziz. Esaterako, Albaola elkartea 1997an euskal ontzigintza tradizionala berreskuratzeko jaio zela azaldu zigun. Euskal arraunlariek orain dela bi mende erabiltzen zituzten nabigazio teknikak berreskuratu dituztela azaldu zigun, baita beraiek egindako garaiko itsasontziekin mundu osoko itsasoetatik ibiltzen direla ere, portuz portu lagun berriak eginez.
Egiten dituzten bidaietako batean egin zuten topo Ipar Irlandako Causeway Coast Maritime Heritage Society elkartearekin Albaolako kideak. Ipar Irlandako gatazka armatua sufritu duten protestante zein katolikoek osatzen dute elkartea. «Batzuek bizi izan dituzten esperientzia gogorrak ezagututa, beraien arteko bizikidetza eta adiskidetasuna eredu dira guretzat», nabarmendu zigun Agotek.
Irlandan zehar 2003an egindako bidaiak sakonki markatu zuen Albaolako presidentea: «Izugarria zen egunero portu ezberdinetara heltzea eta herritarrak gatazka bukatzeko irrikatan ikustea». Irrika hori ez du geurean igartzen Agotek: «Badirudi bakea politikariek egin behar dutela eta ez da egia, guztion bultzada behar du prozesuak. Ekimen hau gure ekarpen xumea da».