GARA > Idatzia > Mundua

Instalazio kimiko baten eraikuntza geldiaraztea lortu dute Shifang-eko hiritarrek

Txinako agintariek instalazio kimiko baten eraikuntza «denboraldi» batez bertan behera utzi dute, Shifang-eko hiritarren mobilizazioen ostean. Osasunarentzat arriskutsua eta minbizi-sortzailea dela salatu dute.

GARA | BEIJING

Shifang-eko hiritarrek instalazio kimiko baten eraikuntza «denboraldi» batez bertan behera uztea lortu dute hainbat protesten ondoren. Proiektu horrek kutsadura eta kantzer kasuak ugarituko zituela salatu zuten agintariei bidalitako eskutitz batean. Baina, eraikuntza gelditzeari uko egin ziotenez, kalera ateratzea erabaki zuten. Pasa den larunbatetik, 13 zauritu egon dira. Poliziak gas negar-eragileak eta nahasmendua eragiteko granadak erabili zituen astelehenean eraikin publikoen atarian bildu ziren pertsonen kontra.

Mobilizazioekin jarraituz gero, «zigor gogorra» jasoko dutela mehatxu egin zien Poliziak manifestariei. «Legez kanpoko bilerak, manifestazioak edo martxak antolatu nahiz bultzatu eta istiluetan esku hartu duen orok zigorra jasoko du», ohartarazi zuen komunikatu batean. Protestak interneten edo mugikorretatik bidalitako mezuen bidez antolatzea ere zigortuko dutela nabarmendu zuten agintariek. Debeku horiek, dena den, ez zuten manifestazioak etetea lortu. Hiritarren hasarrea dela eta, eraikuntza momentuz gelditzea erabaki zuten atzo.

Shifang-en kantzer kasuen batezbestekoa inguruko hirietako baino dexente handiagoa da. 200.000 biztanle dituen hiria gainera, 2008ko lurrikararen ondorioak pairatzen ari da.

Txinaren erdialdeko probintzietan azken urteetan egon den industrializazioa eta horrek sorturiko kutsadurak minbizi arriskua areagotu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo