GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Ordaintzen da

Haizea BARCENILLA Arte komisarioa

Imajina dezagun supermerkatura iritsi eta, atean, honako agiri hau aurkitzea: «Supermerkatu honetako kutxazainei ordaindu egiten zaie». Edo eskolan: «Eskola honetan, irakasle, zaintzaile eta garbitzaileei ordaindu egiten zaie». Edo kontrakoa: «Denda honetan, saltzaileei ez zaie ordaintzen». Bitxia litzateke, eta, azken kasuan, iraingarria. Guztiz aldatuko luke negozio hori ulertzeko gure modua.

Bada, ildo horretatik doa New Yorkeko E-flux plataformak bultzatutako W.A.G.E. programa: hiriko irabazirik gabeko organizazioak aztertu (museoak, erakusketa aretoak eta artisten mostra espazioak) eta artistei zeintzuk ordaintzen dieten ikertu dute programa horretan. Behin ikerketa amaituta, artisten profesionalizaziorako pausuak ematen ari diren lekuei, praktika zuzenengatik zoriontzeko atean koka dezaketen zertifikazio bat emango diete, «Erakusketa areto honetan artistei ordaindu egiten zaie» esaten duena.

Alde batetik, ekimen ona da artisten lana errekonozitu eta ordaintzen dutenen esfortzuak aitortzeko; baina, bestetik, txundigarria deritzot oraindik horrelako egoeran egoteari.

Askotan entzun behar dut artistek, gustatzen zaien lana egiten dutenez, ez dutela zertan kobratu. Ziurrenik, suhiltzaile, mediku, futbolari, irakasle, bankari eta enpresari askok, beste anitzen artean, gustatzen zaien lana egiten dute, eta, hala ere, inori ez zaio bururatzen lan horiengandik ez ordaintzea. Artistekin, aldiz, fabore baten moduan ulertzen da ez soilik ordainsaria, baizik eta ia-ia gastuen diru-itzultzea bera ere. Kulturak badu balioa; onar dezagun behingoz bere prezioa ere baduela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo