UDATE
Bretainia, Etiopia eta Madagaskar izanen dira uztailaren 19tik 22ra egingo den Errobiko Festibaleko protagonistak
GARA | BAIONA
Errobiko Festibalean parte hartuko duten sorkuntza lanen jatorria kontuan izanik, Euskal Herria, Bretainia, Etiopia eta Madagaskar izanen dira aurtengo edizioko protagonistak. Hortaz, uztailaren 19tik 22ra jatorri anitzeko artelanak izanen dira ikusgai Itsasun.
Euskal Herriko ikuskizunen parte handi bat oraindik ere sorrera etapan den «hiritar pastoralari» lotuta izanen dira. Izan ere, hurrengo urteko edizioan prestaketa lan handia eta denbora luzea eskatzen ari den pastoral berri bat aurkeztea da ekimenaren bultzatzaileen nahia. Itxaro Bordak «Gerezien denbora» izenburua izanen duen pastorala sortu du, baina izenburuak ez du jorratuko duen gaiaren batere pistarik ematen, izan ere, Lapurdi iparraldeko siderurgia ingurunea izango du agertoki antzezlanak. Pastoral herrikoia izanik, industria metalurgikoak garrantzia izan zuen herrietako jendearen parte hartzea bilatzen ari dira. Prestaketa lanetan izanik ere, aurtengo Errobiko Festibalean lekua izanen du ekimenak. Hala, uztailaren 19an, «Pastorala, sorkuntza artistikoaren bide berriak denentzako sormen-espazio bilaka litezke?» galderari erantzuten saiatuko dira Sanoki gelan.
Atzerritik etorritako artisten artean, Beñat Achiary antolatzaileak Chrysogone Diangouaya dantzari afrikarra nabarmendu nahi izan du. Izan ere, dantza garaikide berritzailearen arloan ibilbide oparoa burutu du. Uztailaren 19an Atharri aretoan izango da, 21.30etik aurrera. Etenesh Wassie abeslariaren ahotsa ere nabarmendu du Achiaryk. Etiopiarrak azmari abeslarien tradizioa ekarriko du gure artera. Jaialdiaren egitaraua eta xehetasun guztiak www.errobikofestibala.fr helbidean aurki daitezke.