GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Angel Maria Lakuntza Aztiria. Administrazioan Euskaraz Taldea

Nafarroako Museoan eta Baluarten, euskaraz!

Gure poza adierazi nahi dugu Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatu duelako gaztelaniarekin batera euskara erabil dezan Nafarroako Museoaren testu idatzietan, eta kontuan har ditzan neurri, kontraste eta zabalera baldintzak, euskarazko testuaren ikusmena bermatze aldera. Era berean, Gobernua eta Baluarte Fundazioa premiatu ditu lau ataletan:

Aurrerapausoak eman ditzaten eraikinaren barneko errotulazioan eta testu inprimakietan, era horretan euskara eguneroko tresna izan dadin, eta ez salbuespena, bere ohiko jardunean.

Aurrerapausoak eman ditzaten euskararen ahozko erabilerari dagokionez, Biltzar Jauregiko informazio guneetan jendeari arreta zuzena nahiz telefono bidezkoa ematean, bai eta kanpoko txarteldegietan, bisita gidatuetan eta auditoriumeko megafonia bidezkoa ematean ere.

Aurrerapausoak eman ditzaten Baluarte-Biltzar Jauregi eta auditoriumeko programazioetan euskararen kultur adierazpideak sartzeari dagokionez.

Aurrera egin dezaten Baluarte Fundazioari bilera eta kongresuetarako aretoak erabiltzea eskatu duten entitateei aldibereko itzulpena, testuen itzulpena eta elebitasunerako bestelako erraztasun batzuk eskaintzeari dagokionez, baldin eta halakorik eskatzen badute.

Gure taldeak bultzatutako eskaerek gure mugak gainditu dituzte eta Nafarroako herritarren ordezkari gorena den Parlamentuak bere egin ditu. Orain pilota Gobernuaren teilatuan dago. Ea logika demokratikoa nagusitzen den eta laster Nafarroako Museoa eta Baluarte gure etxea bezala sentitzen ditugun euskaldunok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo