GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Errenteriako Erromeria Eguna: menu goxo bat herri dantzez gozatzeko

Uztailaren 14an, hamalaugarren Erromeria Eguna ospatuko dute Errenterian. Trikitilariak izanen dira, txaranga, dultzaineroak, txistulariak, joaldunak... Menu orekatu eta goxo bat herri dantzen inguruan egun eder bat pasatzeko. Denak gonbidatu dituzte erromeria bizitzera.

p054_f02.jpg

Maider IANTZI | ERRENTERIA

Herri dantzaren eta musikaren inguruko besta handi bat egin nahi dute errenteriarrek uztailaren 14an, eta guztiak animatu dituzte plazan dantzatzera. Atzo aurkeztu zuten Erromeria Eguna Errenteria Hiria kulturgunean; han izan ziren antolatzaileak, Ereintza dantza taldeko ordezkariak, eta jaiaren sustatzaile gehiago, horien artean Jon Maia dantzaria, TrikiSound taldeko kideak eta Udalekoak.

Maiak oroitu zuenez, motor lana egiteko jaio zen erromeria orain hamalau urte. «Herri honetan dantza asko egiten da, baina kalean, jarduera sozial bezala hartuta, etenda zegoen. Motor lana egiteko sortu zen egun hau, eta ikusten dugu funtzionatu duela, ez soilik jaia finkatu delako, baizik eta urtean zehar, haren oihartzunetik abiatuta ekitaldi eta jarduerak sortzen direlako espontaneoki».

Eduki duen ausardia da Kukai taldeko kideak erromeria honi aitortzen dion gauzarik politena. Aurten ere «luxu bat» izanen da Maiarentzat halako osagai goxoekin eta menu «orekatuarekin» herritar gisa egunaz gozatzea. Trikitixa tradizionala izanen da, eta jende gaztearentzako lekua ere bai Txorimaloak taldearekin. Errenteria Musikaleko trikitilariek lehendabizikoz parte hartuko dute. Horietaz gain, Izer eta Alabier, TrikiSound, Alkarkide txaranga, Errenteriako Gaiteroak, Juan Mari Beltran eta Astiasaran Anaiak eta Zubietako joaldunak ariko dira jendea dantzan jartzen. Mareak laguntzen badie, Oarsoaldeko txistulariak Oiartzun ibaian barna ailegatuko dira txalupan, eta Aiko taldeak dantzaldi gidatua eginen du. Erromeria nagusia arratsaldean izanen da, baina goizean goizetik hasiko da musika eta dantza herrian zabaltzen, dianarekin, kalejirarekin eta jada ohitura bihurtzen ari den neskatxen sokadantzarekin.

Herri bazkaria

Koldo Mitxelena plazan (Esmalteria) herri bazkaria eginen dute 500 pertsonarentzat. Intxaurrondoko lagunek prestatuko dute menua -Ereintza entsalada, piper beteak, oilasko gisatua barazkiekin, arroz esnea, kafea eta edaria- eta Ereintza elkartean (943 52 65 53), Arkaitza tabernan, Belen gozotegian eta Paki dietetika zentroan eskuratu daitezke txartelak 15 euroan (gaztetxoek 10 euroan).

Jon Maiak azaldu zuenez, hamalau urteotan erromeria aldatu egin da, onerako. Giro urbanoko plaza berreskuratzen ari da, eta horretan ekarpen handia egin dute plaza mugiarazteko formatuek -Patxi Perez, Tapia eta Leturia eta Aiko taldeak martxan jarritakoek, adibidez- eta dantza ikastaroek. Hain zuzen, jauziak egiten ikasteko eta jota tradizionalean sakontzeko aukera dago Errenterian, uztailaren 9, 11 eta 12an, 19.00etatik 21.00etara. dantza@kukai.info-n eman daiteke izena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo