GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Kolunpioetako kontuak

Parkeko kolunpioetan, umeekin jolastuz, gustura aritzen naiz umezaintzako lagunarekin berbetan. Estimatzen dut bere naturaltasuna, bat-bateko burutazioak hitz fresko eta filtratu gabeetan ematea. Antiojoen azpiko bere begi erneekin nola ikusten dituen demontreak! Aukerak eta txanpak nola usaintzen. Gaur goizean, kolunpioari eraginez, aipatu dizkidan bizpahiru kontu ekarri nahi nituzke lerrootara. Neuri bezala, irakurleari ere zer pentsatu emango diolakoan.

«Zaborren kontuarekin kaka batean sartu gaituk!», aipatu du. Gai horrekin kateatzea, hortxe erdi-erdian, justu orain, eta jarri den modu horretan jartzea, «politikamente» hanka-sartze puska dela iradokiz. Lokatz horietan hankak sartzea hankak ateratzea baino errazagoa dela jakitun, funtsaren funtsean zentratu beharraz aritu zait. Lagunarekin bat, nago, denbora berri eta zail hauetan, herri eta aukera politiko bezala, lehentasunen hierarkian baditugula beste kontu garrantzitsu eta geure-geureago batzuk. Iruditzen zait badagoela kritika hori egiteko oinarria, baita erabaki politiko horrek sortu duen ezinegon isil uste baino hedatuago hori anplifikatzeko beharra ere.

«Presoak etxera ekarri, hori duk kontua! Besteak, notiziak dituk!» ziplo bota dit gero, eguerdiko eguzki handiaren pean umeei biserak jartzean. «Aizak, presoek urrats berriak egiteko prestutasuna anuntziatzean `baldintzak ematen badira' horrekin formulatzeak ez dik itxura onik». Baldintzak ez direla sekula emanak, sortu, sortu egiten direla, eta sortze prozesuari begira, ez dagoela bertan kieto egonean egoterik. Sorturen legalizazioaren argitara, atzotik ematen direla baldintzak aipatzean eten dugu elkarrizketa, presaz, ttikiari fardelak aldatu beharraz.

«Eta ojo Laura Mintegik atera behar dizkiken zenbakiekin!». Pozarren ikusi dut, seguru, datorrena ederra dela, olatu herritar handi baten txanpa aprobetxatu beharra dagoela komentzituta. «Kolosala etzekiat, baina irabaztera joan beharra zagok!».

EH Bilduk horizonte sakona duela, datorrena aurkikuntza etengabea dela ari ginela, umeak baloiarekin hasi dira jolasean. Batak besteari «ni, de España» eta besteak «ez, zu de Italia» esaka. Kontuak kontu, elkarri begiratuta, barre egin dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo