GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Istripu esaten zaie, baina ez dira saihetsezinak

Atzo Okin elikagai enpresan hartzidura kubeta batera erorita hil zen langilea aurten lan istripuz edo lan baldintzen ondorioz Euskal Herrian bizia galdu duen 27. behargina da. Hura sorosteko ahaleginean zauritu ziren 11 lagunak, berriz, zauritu zerrenda amaigabe bateko azkenak. Benetan tristea da langile bat hiltzen denean baino ez gogoraraztea langileek egunero jasaten duten arriskua, ez baitira arriskuan egoten haietako bat hiltzen den egunetan bakarrik. Hildakoez gain, zaurituak oso maiz gertatzen dira, eta lan istripuak are ugariagoak dira. Lan arriskua etengabea da, eta zorionez hildako eta zauritu gehiago ez gertatzea ez da inolako kontsolamendua, gertatzen direnak beti gehiegi baitira. Lan istripuak gaitz larria dira, eta, istripu esaten baitzaie ere, ez dira saihetsezinak, gertatu baino lehen inork ezer egin ezingo balu bezala. Krisialdian zein krisirik gabe, ez dago aitzakiarik; lan segurtasunak lehentasuna du, izan beharko luke, enpresaren etekinen aldean. Hala dio senak eta baita legeek ere. Hala ere, legeak ez direla denentzat berdin berresten tematuta dirudite erakundeetako arduradunenek. Atzokoaren eta beste edozein istripuren inguruabarrak ikertu beharra dago, jakina, baina baita lan segurtasunerako legeak betearazteko borondate argia erakutsi ere. Beraz, istripuak gertatu baino lehen ere, bada zer egina: gehiago ez gertatzeko beharrezko neurri guztiak bete eta betearaztea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo