Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia
Ekaitzaren ondoren...
Iazko abuztuan jakin genuen punta-puntako bi talde elkartuko ginela: Leopard eta Radio Shack taldeek bat eginda, «super-aurrekontu» handiarekin, «super-talde» bat egitea zen asmoa. Baina usteak askotan erdi ustel izaten dira, eta gure aurtengo denboraldia orain dela hilabete ingurura arte «superra» izan da, «super... txarra».
Makina bat gauza irakurriko zenituzten prentsan taldeari buruz, erdiak gezurrak eta funtsik gabeak, baina aitortu beharra dago gauzak ez direla batere errazak izan guretzat. Denbora gutxian lan egiteko bi era eta filosofia ezberdinek bat egitea ez da ez batere erreza. Hemen ez dago errudunik, soilik gauzak sarritan ez direla norberak pentsatu moduan irteten.
Baina, ekaitzaren ondoren, eguzkia irteten dela dio esaerak. Esaera asmatu zuenak badirudi zerbait bazekiela, zeren, gure kasuan behintzat, hala izan da. Pixka bat etsita ere baginenean, Kalifornian, etaparik irabazi ez arren, taldeka garaile irten eta oso maila ona eman genuen. Luxenburgoko Itzulia irabazi eta gero, Suitzan bigarren izan ginen... eta, urteko momenturik garrantzitsuenean, Fabianek Tourreko atarikoa irabazi du eta lider jarri da. Horrez gain, Austrian, etapa erregina irabazi du Jacobek, sailkapen nagusiko lehen postua eskuratzeaz gain. Beraz, badirudi, une zailak pasa eta gero, Radio Shack hau «ondan» sartzen hasi dela; hala, bai Austrian bai Frantzian, gure maillot horiak defendatuz ekingo diegu datozen etapei.
Horretxegatik irakurle, ekaitz ala laino artean sartuta bazaude, ez etsi; guregatik ere inork gutxik emango zuen zentimo txikiena orain dela gutxi arte, baina, azkenean, iritsi zaigu guri ere barealdia. Horretxegatik, munduko paraje politenetarikoak dituen Austria aldean gaudela aprobetxatuz, taldekideekin izozkitxo bat jatera noa. Etzira arte, izan ongi!