GARA > Idatzia > Mundua

Suu Kyiren alderdiak lehen urratsak eman ditu Myanmarko Parlamentuan

Demokraziarako Liga Nazionaleko diputatuek lehen aldiz parte hartu zuten atzokoan Myanmarko Parlamentuan, alderdiko azken hiru legebiltzarkideek Konstituzioa zin egin ostean. Europatik itzuli berri den Aung San Suu Kyi alderdiko liderrak, aldiz, ez zuen saioan parte hartu.

p023_f02-199x108.jpg

GARA | PYINMANA

Aung San Suu Kyi Nobel sariduna buru duen Demokraziarako Liga Nazionala (LND) alderdiko diputatuek lehen aldiz hartu zuten parte atzo Myanmarko Parlamentuan, apirilean hautatuak izan ostean. Kasik bi hamarkadaz legez kanpo egon ondoren, egun LND oposizioko lehen alderdia da oraindik ere militarrak nagusi diren Parlamentuan.

Saioaren hasieran, aurreko asteetan Konstituzioa zin egin eta euren postuak hartzeko aukera izan ez zuten hiru legebiltzarkideek bete zuten erritua. Suu Kyi bera ez zen Parlamentuko lehen saiora joan. Larunbatean bi astez Europan zehar eginiko biratik itzuli ostean, lehen saiora agertu behar ez izatea eskatu zuen.

Behatzaileen ustetan, Suu Kyik militarrekin akordio batera heltzen saiatu beharko luke, 2008ko Konstituzioaren arabera Parlamentuko eserlekuen laurdena euren esku baitago. «Ez gara inor baztertzeko asmoarekin joango Parlamentura», adierazi zuen Suu Kyik Rangunen eskainitako prentsaurreko batean, legegintzaldian zehar Armadaren presentzia gutxitzeko behin eta berriro erakutsi duen borondateari erreferentzia eginez. «Konstituzioaren eraldaketa kooperazioaren bitartez soilik lortuko dugu», gaineratu zuen.

Parlamentuko saioan, Rakhine estatuan musulmanen eta budisten artean izaniko indarkeria kasu larriak aztertu zituzten atzokoan batik bat. Liskarren ondorioz 80 pertsona hil eta ehunka zauritu ziren ekainean zehar Rakhine estatuan eta larrialdi egoera oraindik ere indarrean dago bertan.

Dimisioak ala kaleratzeak?

Hainbat kontserbadore birmaniarrek -gutxienez hiru- euren postua utzi zuten bart. Funtzionario anonimo batek jakinarazitakoaren arabera, hiru kideok kontserbadoreak izateagatik bota dituzte beren postuetatik. Parlamentuko agentzia ofizialak, berriz, Tin Aung Myint Oo lehendakariordeak dimititu egin duela adierazi du, «osasun arazoak medio».

Parlamentuko agentzia ofizialak aldiz, Tin Aung Myint Oo, lehendakari ordeak dimititu egin duela adierazi du, «osasun arazoak medio».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo