GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Irisarrin euskal kultura piztu duen kabalkada-tobera, igandean ikusgai

Nafarroa Behereko eta Lapurdiko herri ohitura zaharrenetarikoa den kabalkada-tobera egingo da aurten Irisarrin. Igandean, maskaradan legez, euskal dantzak eta herriko kontuen antzezlana eskainiko dute irisartarrek. Herri osoa bildu da egitasmoaren inguruan eta horrek aurrerantzean jarraipena izatea nahiko lukete antolatzaileek.

p053_f03.jpg

Idoia ERASO | IRISARRI

Prestaketa lanetan ari dira herrian. Gaur azken entsegu edo errepika orokorra eginen dute. Jean-Michel Nobliak, koordinatzaile lanak egin eta ikusgarria asmatu duenak, horrela deskribatu zuen egoera: «Biziki ontsa doa dena, jakinez deusetik abiatu direla, harrigarria da ze maila duten dantzatzean. Lan handia egin dute herrian, ez baita beti erraza».

Egun osoko festa eskainiko du kabalkada-toberak. Goizeko hamar eta erdietan mezarekin hasiko da eta ondoren hainbat jauzi edo dantza eskainiko dira herriko plazan. Ikusgarria berez arratsaldeko hiru eta erdietan hasiko da erdigunean. Ondoren ikusleei bestan parte hartzeko parada eskainiko zaie: «Mutxikoak edo jauziak izanen dira denentzat. Musikariak gauerdira arte ariko dira; zer dantzatu, zer jan eta zer edan izanen da herritar zein kanpotarrentzat», egin zuen gonbita antolatzaileak.

«Herri osoa ari da kabalkadaren inguruan lanean; herritar guztiek badute toki bat. Ikusgarrian parte hartzen ez badute ere, antolakuntzan bada lan anitz. Bertze egunean 50 pertsona izan ziren muntaketa egiten», azaldu zuen ikusgarriaren antolakuntza kudeatu duen Denentzat elkarteko Solange Joreitok. Normalean haurrek ez dute kabalkadetan parte hartzen, baina aurten tradizioa aldatu egingo dute eta txikienek ere beren tokia izanen dutela nabarmendu zuen Joreitok: «Haurrak dira gure geroa eta inportantea da gure enbeia pasatzea».

«Gurekin parte hartuko duen gizon batek, 14 urterekin, Irisarrin 1937. urtean egin zen kabalkada ikusi zuen etxe bateko balkoietik. Orain 89 urte ditu eta erakutsi digu jauziak nola egiten zituzten. Trantsizioa biziki gauza ederra da eta irudi polita eginen du», azaldu zuen Nobliak.

Transmisioa ederra izanik ere, berrikuntzarako tokia utzi du Nobliak Kabalkadan: «Nire lehen helburua kabalkadan dantzak arramoldatzea izan da. Bigarrena musika osoaren berritzea izan da. 1930eko musikari baten partiturak hartu ditugu eta arraberritu dugu errepertorio gehiena». Kantu bat ere egin dute, Kabalkadari buruzko bertso batzuk idatzi ditu Peio Soulek. «Guk denek kantatuko dugu eta ondotik herriko koralak ere bere ahotsean kantatuko du. Benetan herriko elkarte guztiek parte hartzen dute ikusgarrian», nabarmendu zuen Joreitok.

Tobera

Kabalkaden dantzaren ondoren antzerkiaren txanda helduko da Toberarekin. Ohiturari jarraiki, herrian puri-purian diren gaiak jorratuko dituzte bigarren parte honetan. «Irisarrin bada lur arazo bat, Herri Elkargoak lur anitz hartu ditu lantegien erakartzeko eta laborariek begi txarrekin ikusi dute», azaldu zuen testua idatzi duen Nobliak. Alta, gai nagusia herriko giroaren inguruko kontuak dira: «Herrian herri dinamika azkar bat bada, eskubaloian talde ona dutelako, baina euskara eta euskal kulturaren inguruan ez da fitsik. Beharbada Tobera honek kontzientzia piztuko du».

Egitasmoaren sorreran parte hartu duen Solange Joreitok helburu gisa aipatu zuen kontzientziaren piztea: «Gure helburuetako bat herritarren artean harremana sortzea izan da; zinez erlazioak sortu dira jendearen artean. Baina beste helburu bat dantza eta euskal kultura berpiztea izan da».

Herri osoa bildu da egitasmoaren inguruan eta horrek gero jarraipena izatea nahiko lukete antolatzaileek. Solange Joreitok horrela azaldu zuen: «Espero dugu zinez zerbait hasiko dela berria. Heldu den herriko bestendako zerbait muntatzea beharbada. Zinez, gaur egun Irisarrin ez da deus». Jean-Michel Nobliak ere nahi horrekin egin zuen bat: «Lehen helburua jendea biltzea da, baina, gero, ondotik zerbait piztea ere. Nik hiru Tobera egin ditut. Luhuson hori gertatu zen; gero herrian dinamika bat sortu zen eta inauteriak antolatzen hasi ziren. Aldiz, Heletan ez zen deus gelditu, han badirelako beste elkarteak beharbada».

Erakusketa ere antolatu dute Irisarrin 1937an egin zen kabalkada-toberari buruz. «Irisarrin egiten zen kabalkada-tobera ederrenetarik bat zen, eta hori herriko jende gehienak ez zekien», azaldu zuen Jean-Michel Nobliak. Erakusketan garaiko argazki eta grabaketak ikusgai izanen dira astelehenera bitarte. Ospitalea ondare heziketa zentroan Iparraldeko dantzarien biltzarrak utzitako kabalkadako pertsonaien jantziak ere erakutsiak dira. Igandean eginen den ikusgarriari buruzko informazioa etorkizunerako gelditzeko bilkurak eta errepikak grabatzen dituen bideo talde bat ere sortu da irisartarren artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo